41. Sagardo Eguna

Errelebo urteko Sagardo Egunerako prest

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 17a, 11:13

Usurbildarren festa egun estimatuenerako bi egun baino ez dira geratzen. Sagardogintzaz blaituko da herria maiatzaren 19an.

Badator usurbildarren festa egun kuttunena. Etzi izango du herriak sagardoa alkate beste urte batez. 41. ediziora heldu den Sagardo Egunak girotuko du udalerri hau maiatzaren 19an.

Errelebo lan betean diren Sagardo Egunaren Lagunak taldekoek josi dute egitaraua, bideratu dituzte antolaketa lanak eta egun handirako prest dira jada. Haiek eta bilgunera hurbildu den gazte talde berria. Izan ere, hamarkada batetik gora jaialdi hau ahalbidetzeko gogotik lan egin duen taldeak bere ibilbideari amaiera ematea erabaki du. Azken urteotan egin bezala, agurrerako eginiko lekukoa hartzeko azken saiakerak, ordea, eragina izan eta 2025eko Sagardo Eguna bideratzeko kide berriak izango dituzte antolakuntza lanetarako.

Aurretik, ordea, igande honetako edizioan bi taldeak, egungoak eta erreleboa hartuko dutenak batera arituko dira lankidetzan. Segidan duzue, josi duten egitaraua.

Bi kirolari
Auzolanean ariko diren bolondresek azpiegitura guztiak prestatu eta goizeko hamaiketan aterako duten talde argazkiaren ondotik emango diete hasiera 41. Sagardo Egunari.

Urtero herrikide edo herri eragileren batek izaten du batetik, usurbildarren urteko festa egun kuttuneari ekiteko ohorea. Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen nahiz herriaren eskertza eta omenalditxoa jasotzen dute bide batez. Sagardoa zerbitzatu eta edalontziak goratuz, jai egun honen aldarria eginez abiarazten dute eguna. Aurtengoan, bi izango dira frontoiko oholtza gainera igoko direnak; biak ala biak, punta-puntako kirolariak, biak ala biak pilotariak, aurkezpen gutxi behar dutenak; Miriam Arrillaga eta Aitor Aranguren. Igande goizeko 11:30etan izango da hasiera ekitaldia.

Hortik aurrera, bertako nahiz urrunagoko sagardoez gozatzeko aukera paregabea goiz partean. Arratsaldean segiko du jai giroak, ohi bezala, "Matraka" Elektrotxarangakoen eskutik.

41. Sagardo Eguna
Maiatzak 19, igandea
11:00 Botatzaileen argazkia.
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko zein sagardotegi ezberdinetako sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
15:00 Botatzaileen bazkaria Udarregi ikastolan.
17:00-20:00 “Matraka” Elektrotxaranga Usurbilgo kaleetan zehar.
Antolatzailea: Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak.