41. Sagardo Eguna

Talogile talde berria eta kontzertuen arratsaldea, Ernairen karpagunean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 17a, 10:44

Egun osoko jaigunea iragarri du Usurbilgo Ernaik 41. Sagardo Egunerako, frontoi atzeko, Mikel Laboa plazako karpagunean.

Mikel Laboa plaza ere ospakizun eremua izango da beste urte batez, datorren igandeko 41. Sagardo Egunean. Usurbilgo Ernaik karpagunea egokituko du frontoi atzean. Segidan duzue, egun horretarako iragarri dituzten ekimenak; eta bai, tartean, talogileak daude. Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen antzera, erreleboa eskatu zuten iaz, eta bistan denez, soka ez da eten. Jaki goxo askook sukaldatu eta saltzen ikusiko ditugu herritarrak igandean.

Kontzertuen arratsaldea
Goizeko 11:00etan irekiko dute gazte antolakundeak antolaturiko karpagunea, txozna bera alegia. Eguerdian egitekoak diren mobilizazioaren ondotik, arratsaldean, kontzertuen txanda. Hasteko, aurreko abenduan, Usurbilgo gazte mugimenduan antolaturiko topaketen amaieran estreinakoz kontzertua eskaini zuen herriko gazte taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Txiskeroak taldekoek txoznagunea gogotik girotuko dute.

Haren ostean, Sencillos y Elegantes bartzelonarren txanda. Arratsaldea borobiltzeko Dj Jotatxok dantza batean jarriko gaitu.

41. Sagardo Eguna: Ernairen karpagunea
Maiatzak 19, igandea
11:00
Txozna irekiera.
Goizean zehar, presoen aldeko talogileak.
13:00 Euskal presoen aldeko topa.
16:30 Txiskeruak.
17:30 Sencillos y Elegantes.
20:00 Dj Jotatxo.

Antolatzailea: Ernai.