Badator usurbildarren urteko jaialdi estimatuena; 41. Sagardo Eguna ospatuko du herri honek etzi, maiatzaren 19an. Ikusi nola itxuraldatzen doan herria. Ostiral eguerdi honetako irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak.
Mikel Laboa plazan, Ernai gazte antolakundeak iganderako iragarri dituen ekimenak bere baitan hartuko dituen karpagunea egokitzen ari ziren. Talogileak ariko dira bertan, kontzertuen oholtza izango da eta baita noski txoznagunea ere.
Handik hurbil, frontoia. Harmailak dagoeneko Dema plazara mugitu dituzte. Sagardo Egunari hasiera emango dioten oholtza ere jarri dute udal langileek. Sagardo postuak izendatzeko kartelak zintzilikatzen dituzten soka eta zutoinak ere prest dituzte.
Autorik gabeko eguna
Herri erdiguneak eraldatzen segiko du asteburuan zehar. Are gehiago, igande goizean bertan, maiatzaren 19an. Goizeko 8:00ak ingurutik aurrera, mugimendua nabariko da frontoi inguruan azken prestaketa lanak bideratzeko.
Ez da, halere, aldatuko den gune bakarra izango. Jaigune horretatik hurbil dauden edota berau inguratzen duten kale bazter hainbatetan dagoeneko hainbat hesi prest daude zenbait kale mozteko. Hain zuzen, jaigunetik hurbilen dauden kaleak ibilgailuen joan etorriarentzako etenda egongo dira. Oinezkoena izango da Sagardo Eguneko festa eremua, urtero bezala.
Geltoki aldaketak
Ibilgailuentzako hainbat kaleren itxierak, eragina izango du baita, urtero bezala, autobus zerbitzuetan. Lurraldebusek ohartarazi duenez, bi zerbitzuetan geltoki aldaketak izango dira. Batetik, Usurbil eta Hernani lotzen dituen BU10 zerbitzuko autobusak Atallutik abiatuko dira egun osoan zehar, ez dira San Inazio kaleraino igoko.
Bestalde, Donostia eta Zumaia arteko ibilbidea osatzen duen UK09 zerbitzuan ere aldaketak iragarri ditu Lurraldebusek; urterokoak. Egunerokoan, Oxtapetik sartzen da Donostia aldetik etorri eta Aginagarantz doazen autobusak. Igande honetan, aldiz, ez; urtero moduan, N634 errepidetik segiko dute haien ibilbidea eta honenbestez, San Inazioko geltokian eta Atxegalde parean egingo dute geltokia, udaletxe ondoko geltokian ez gira geratuko honenbestez, 10:30-20:30 artean. Hori Aginagarantz doazen autobus zerbitzuen kasuan. Aginagatik Usurbila datozenen kasuan, Donostiarantz segiko dutenak gero, ohi bezala, San Inazioko geltokian geratuko dira, egunero bezala.