Azken urteon ildotik, 41. Sagardo Egunak ere indarkeria matxistarik gabeko gunea izango du etzi. Hala jakinarazi du Usurbilgo Udalak. Izan ere, Udalaren eskariz Emagin elkarteak dinamizatuko du gunea maiatzaren 19an, arratsalde eta gau partean, 18:00-23:00 artean, Mikel Laboa plazan (euriarekin Sutegin). "Gunearen helburua da jai giroan ere indarkeria sexistaren gaia ikusaraztea eta herritarrek kontzientzia hartzea. Emagin elkarteko kideak une oro izango dira gunea dinamizatzen, bertaratutakoei aholkularitza ematen eta zalantzak eta kezkak argitzen", berri eman dute Udaletik.
Herri erdigunean kokatuko duten gune hau hain zuzen, "herritar oro indarkeria matxistaz kontzientziatzeko jai-eremuan kokatzen den informazio gunea da. “Hainbat helburu betetzen ditu: emakume*, neska* gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonen askotariko erasoen gaineko bizipenak eta iritziak jasotzea; eraso horien gaineko informazioa zein horiei aurre egiteko tresnak eskaintzea, eta eraso matxistak ez gertatzeko gizon eta mutilak ohartarazteko gunea da, prebentziorako eta, erasorik gertatuko balitz, erantzuna bideratu ahal izateko".
Nola lagundu eraso egin diotenari?
-Ez ezazu epaitu.
-Ez da balorazioak egiteko momentua, ez gertatutakoari garrantzia kentzekoa, ezta biktimaren hitza zalantzan jartzen duten galderak egitekoa ere.
-Ez ezazu behartu edo derrigortu. Honakoak saihestu: "Salatu egin behar duzu", "Zer gertatu da?", "Nor izan da?".
-Ez ezazu bakarrik utzi.
-Ez erabakirik hartu galdetu gabe.
-Ez ezazu gertatutakoari buruzko daturik ezta informaziorik zabaldu, aldez aurretik biktimari nola eragingo dion pentsatu gabe.
-Eskatu iezaiozu bere iritzia, zerbitzuren batera deitu edo bestelako pausoren bat eman aurretik.
-Enpatia, elkartasuna eta ulermena azaldu.
-Azal iezaiozu eraso bat bera ere ez dagoela justifikatua eta berak egindako ezerk ez duela gertatutakoan eragin. Honako mezuak indartu: "Nola zaude?", "Zertan lagun zaitzaket?", "Zuk ez duzu ezer txarrik egin".
-Berak behar duen denbora eta erabakiak errespetatu.
-Saiatu zaitez bere konfiantzazkoa den norbait aurkitzen, berarekin egon dadin. Aurkitzen ez baduzu, behar duen bitartean berarekin gelditu.
Sexu eraso/bortxaketaren aurrean
-Nahiz eta une horretan gertatutakoa salatuko duen oraindik ez jakin, adierazi garbitzen, jaten, edaten edo arropaz aldatzen bada, frogak ezaba ditzakeela.
-Zaurituta balego eta medikuaren arta beharko balu, jakinarazi larrialdietako zerbitzu medikuek auzitegietara parte bat bidaltzeko betebeharra dutela.
Telefono zenbakiak:
Udaltzaingoa: 943 361 112.
Usurbilgo Udaleko Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuak: 943 377 110 (goizez).
SOS Deiak: 112.
Gizarte Larrialdietarako Zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundia: 943 22 44 11 (7:00-21:00)
Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimen arreta, SATEVI: 900 840 111 (24 orduz)