41. Sagardo Eguna

Erreleboaren urteko talde argazkia

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 19a, 15:31

Urteroko ohituran bilakatu da, hutsik egin ezin den erritualean; auzolanean diharduten herrikideek Sagardo Eguna hasi aurretik plazan atera ohi duten talde argazkiaz ari gara. Goizeko 11:00etarako frontoiaren sarreran bildutakoak dituzue ondokoak; gerora sagardoa nahiz pintxoak zerbitzatu eta gainerako antolaketa lanez arduratu direnak.

Urteroko argazkia bai, baina ukitu berezia izan du aurtengoak. Batzuentzat agurreko argazkia izan da, ongi etorria emateko irudia beste batzuentzat; finean, erreleboaren talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa.

Lekuko aldaketa
Izan ere, azken urteotan Sagardo Egunaren Lagunak taldeko egungo kideak errelebo eske aritu dira. Hamarkada bat baino gehiago aritu dira usurbildarren urteko festa egun nagusia dena prestatzen. Aurtengoan, ordea, haien ibilbidea amaitutzat eman dute. Gaur ospatu den 41. edizioa antolatuko zuten azkena izango zela hitz eman zuten, baina horren ostean haien ibilbidea amaitutzat emango zutela. Horregatik, azken saiakera bat egin nahi izan zuten; haien lekukoa hartu zezaketenei dei egin zieten. Eta berehala jaso zuten baiezko erantzuna. Herrikide talde batek hartuko du 2025. urteko Sagardo Eguna antolatzeko ardura.

Badoan taldea eta badatorrena, biak batu ditu aurtengo talde argazkiak. Eta haiekin noski, Sagardo Egunaren Lagunak ezinbesteko bidelagunak izaten dituenak; gaurko egunez laguntzeko prest agertzen diren boluntarioak. Denek bat egin dute talde argazki honekin. Horren ostean, berehala nor bere postura joan da, hasiera ekitaldiaren ondotik auzolanean bideratu duten jaialdi hau abiaraztera.