Hortxe dituzue. Oraingoan ere hutsik egin ez duten herriko talogileak dituzue aurtengo 41. Sagardo Eguneko beste protagonistak. Sagardo festa egun honen antolatzaileek egin bezala, talogileek ere haien jarduna uzteko asmoa agertu zuten iazko San Tomas azokaren bueltan. Horregatik, gaurko jaialdirako erreleboa hartzeko prest zeudenei laguntza eskatu zieten. Animatzen zirenek Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideak egiten hasiak diren moduan, elkarrekin trantsizio modukoa egiteko prestasuna agertu zuten.
Gaurkoan behintzat, ez dute hutsik egin. Aurreko taldeko kideak eta azken azoketan parte hartzen hasiak diren kide berriak lankidetzan ikusi ditugu Ernai gazte antolakundeak Mikel Laboa plazan antolaturiko karpagunean. Goizeko 11:00ak jota jada hamaiketako legea egiteko gogoz zirenak asetzeko gelditu gabe ari ziren taloak prestatu, sukaldatu eta saltzen. Etenik gabe aritu da gerora ere, beste behin, Usurbilgo elkartasun talde hau lanean.
Talogileek eman diete hasiera hain zuzen, Ernai gazte antolakundeak Mikel Laboa plazan kokaturiko karpaguneko ekimenei.
Usurbil 1936 elkartearen zozketa
1383 izan da, oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den Usurbilgo elkarteak 41. Sagardo Egun honetan egin duen mariskadaren zozketako zenbaki saritua.