41. Sagardo Eguna

Zumarteko musikari belaunaldi berria, sagardoaren plaza girotzen

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 19a, 15:06

Zumarte Musika Eskolako trikitilari eta panderojole gazteek alaitu dute 41. Sagardo Eguna.

Sagardo festa are gehiago biziagotu dute albiste honi atxikitako iruditan dituzuen herrikide gazteok. Izan ere, aurreko edizioen antzera, 41. Sagardo Egun honetan parte hartu dute baita Zumarte Musika Eskolako kideek. Juan Tapiaren gidaritzapean, frontoiko oholtza gainean emanaldi ederra eskaini dute trikitilari eta panderojoleek.

Matrikulazio epea irekitzear
Musika eskolakoak aipatuta, gogoan izan, Zumartek 2024-2025 ikasturterako matrikulazio garaia noiz izango den iragarri du. Maiatzaren 27tik 31ra bideratu beharko da hurrengo ikasturterako izen-ematea zumarte.eus web orrialdean, edota Musika Eskolako bulegoan bestela (Kale Nagusia, 43).

Modu presentzialean egin nahi duenak bi egun hauek ditu aukeran: asteartea edota osteguna. Bi kasuetan, hauxe izango da matrikulaziorako ahalbidetuko den ordutegia: Goizez, 10:00etatik 12:30era. Arratsaldez, 18:00etatik 19:00ak bitartean.

Honatx irailetik aurrera Zumartek izango duen eskaintza: Musika txokoa, musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, kantu modernoa, abesbatza eta talde instrumentalak.

Instrumentua ikasten hasten direnen artean, tronboia, saxofoia, tronpeta, flauta, klarinetea edo biolina ikasten hasten direnei, nahi izanez gero eta ikasleentzat egokiak badira (tamaina eta abar), Zumartek dituen instrumentuak urtebetez utziko zaizkie.

Prezioetan aldaketarik ez
Datorren ikasturtean, matrikula eta kuoten prezioak mantendu egingo direla jakinarazi du Zumartek.
Instrumentuen kasuan, ikasle eta irakaslearekin behin-behineko ordutegiak bilera bidez adostuko dira. Musika Txokoa, Musika Mintzaira, Kantu Kantari eta Abesbatzak taldeen ordutegiak aldiz, dagoeneko zehaztuta daude zumarte.eus web orrialdean.

Plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren, matrikulazioan adierazitako kontu korrontetik," ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikularegatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaizue ekaina bukaeran , %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran". Zumartek aditzera eman duenez, plaza banaketaren arautegia aplikatuko da.

Familia ugarietan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio matrikulatuta dagoen ikasle gazteenari. Horretarako, familia ugariaren txartela aurkeztu beharko da. Unitate familiar bereko 3 senide edo gehiago matrikulatuta dauden kasuetan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio ikasle gazteenari. Ikasle gazteenak bixkiak izanez gero, ikasle bati bakarrik egingo zaio deskontua.