41. Sagardo Eguna

Jendetza inoiz baino goizagotik, eguraldi iragarpena ere hautsi duen jaialdian

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 19a, 15:52

Inoiz baino goiztiarrago murgildu da jendea gaurko Sagardo Egunean. Jendetza batu du, eguraldi iragarpena ere hautsi egin duen ekimenean.

Zalantzan omen ziren Sagardo Egunaren Lagunak taldekoak goizeko lehen orduan, Dema plazako postuekin zer egin, euria egin zezakeelakoan. Halere urteroko muntaketa lanak bideratu dituzte bertan, frontoian eta Askatasuna plazan egin bezalaxe. Saiakerak merezi izan du zalantza izpirik gabe. Azken unera arte euria iragarria zegoen arren, ateri eutsi dio sagardo dastaketak iraun duen ia hiru bat orduko tartean.

Horrekin batera, jendetza mugiarazi du aurtengo 41. Sagardo Egunak. Ohi baino goizago sumatu da jendearen joan-etorria jaialdi eremuaren bueltan. Ez soilik bertakoak, nabaria izan da Sagardo Eguna ofizialki 11:30etako irekiera ekitaldia hasi aurretik bisitarien parte hartzea. Gerora are gehiago nabarmendu da. Postuetara hurbiltzeko nahiko lan egon da hainbat uneetan.

Aipatu moduan, harrera ezin beroagoa egin zaio aurtengo Usurbilgo Sagardo Egunari. Edozein ikuspuntutatik jendetza ikusten zen nonahi. Irudiok dituzue lerrootan aipatutako guztiaren lekuko: