Zer litzateke 41. Sagardo Eguna zerbitzaririk gabe? Pentsaezina eta batez ere bideraezina litzateke, noski. Gaurko edizioak erakutsi du, beste behin, festa eremuko postuen alde bietan daudenak jaialdiko ezinbesteko osagaiak direla urtero. Batzuek ez dute zer eginik besteak gabe.
Albiste honetan, gaurkoan, herritik bertatik nahiz kanpotik gure artera bisitan etorritakoen egarria asetzen ahalegindu diren boluntarioak dituzue, auzolanean jardun duten hamaika usurbildar, 41. edizio honetako 41 sagardo postuetan.
Belaunaldi ezberdinetako herrikideak ikusi ditugu maisuki sagardoa zerbitzatzen. Trebe askoak direla erakutsi dute beste behin, eta esandakoa, haiek gabe ez dagoela festarik Usurbilen.