Zorionez, bestelakorik aurreikusia bazen ere, 41. Sagardo Egun honetako dastaketan zehar ateri eutsi dio azkenean. Datozen orduotan ordea ez, euritara jo dezakeela ohartarazten ari da Euskalmet meteorologia agentzia. Izan ere, prezipitazio handiagatik igande arratsaldeko 15:00etan hasi eta astelehen goizeko 9:00ak arte abisu horian izango garela jakinarazi du. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea, bereziki arratsaldean barnealdean eta azken orduetan kostaldean".
Hala segiko dugu astelehen goizeko 9:00ak arte. "Ordubetean 20 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea, bereziki kostaldean eta inguruko eremuetan. Ez da baztertzen goizaldean zenbait lekutan 20-40 l/m² baino gehiago pilatzea 3-4 ordutan".
Giro honekin, igande honetan, maiatzaren 19an Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparrada trumoitsuak botako ditu, probabilitate handiagorekin egunaren bigarren zatian. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira".
Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, batez ere goizaldean eta arratsaldean. Goizaldean zaparrada trumoitsuak eta zenbait lekutan handiak bota ditzake. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; egunaren erdialdeko orduetan ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Asteartean, "zerua partez hodeitua egongo da; arratsaldean hodeiak ugaritu eta oso hodeitsu geratuko da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, batez ere arratsaldean; orduan noizbehinka trumoitsuak izan daitezke. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Gauean haizea aldakor eta ahul ibiliko da. Tenperaturan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso dezakezue.