Maiatzaren 17ko Birziklatzearen Nazioarteko Egunean Usurbilgo gaikako bilketari lotutako iazko datuak argitaratu zituen Usurbilgo Udalak. %86ko gaikako bilketa izan zuen udalerri honek iaz, aurreko urtean baino puntu bat gutxiago. Izan ere, %87koa izan zen 2022an, orain arte erregistraturiko ehuneko altuena. Gainerako eremuetako gaikako bilketa maila nabarmen gainditu du Usurbilgo datuak. Iaz, San Marko mankomunitateak %50eko gaikako bilketa izan zuen, Gipuzkoako %57koa.
Hiri hondakinen zati hainbaten kopurua murriztu da 2022tik 2023ra; papera eta kartoia (456 tonatik 410 tonara), beira (247 tonatik 205 tonara), etxeko olioa (5 tonatik 4 tonara). Aldiz, gehitu egin da ontzi arinen kopurua (270tik 285 tonara), zati pisutsuena den biohondakina (757tik 793 tonara) eta errefusa (391tik 417 tonara). Gainerakoan, “hondakinen sorrerari dagokionez, behera egin du biztanle bakoitzeko sortutako hondakin kopuruak, 500 kilo/biztanleko langatik behera jarraituz: 485 kilo sortu dira, biztanleko, 2023an, Usurbilen”.
Iazko datuen errepasoari dagokionean, bi mugarri garrantzitsu nabarmendu ditu Udalak. Batetik, “2023. urtean Europa mailako Zero Zabor ziurtagiria ere mugarri garrantzitsua izan da: Europa mailako emaitzarik onena lortu du Usurbilek, 5 izarretatik 4 erdietsita”. Horrez gain, “nabarmentzekoa da 2023an ekitaldi publikoetan hondakinen murrizketa sustatzeko udal zerbitzuek egindako ahalegina: baxera berrerabilgarriaren erabilera bultzatu da herriko festa eta jarduera ia guztietan”.
Auzokopostatzeko aukera Ugartondon
Usurbilgo auzune berrienak ere badu auzo-konposta egitasmoa. Ugartondok berea du jada, Usurbilgo Udalak jakinarazi duenez. "Udalak iaz egin zuen urbanizazio berrian materia organikoa auzo-konpost gune baten bidez kudeatzeko interesa izan zezaketen herritarrentzako deialdia. Urtebete beranduago, hamabost familiarekin abiatuko dute Ugartondoko auzo-konposta gune berria", iragarri dute Udaletik.
Udaleko Atez Ateko bulegotik, “gutxi batzuentzako” lekua dago oraindik, eta horiek bete arte izena emateko aukera izango da: udaletxeko bulegoan bertan eman daiteke izena, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara".