Proiektu berri bat abian dutenentzako udal dirulaguntza deialdiak

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 21a, 08:00

Maiatzaren 31ra arteko lehenengo epealdia dute interesdunek, Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldian proiektuak garatu nahiz merkataritza lokal hutsetan jarduera berriak abiarazteko udal dirulaguntzetara eskabideak aurkezteko.

Usurbilgo Udalaren bi dirulaguntza lerroo hauei buruzko xehetasunak dituzue segidan:

Ekintzaileentzako Kabiene Elkartean lankidetza-esparrua erabiltzeko Hasiz Hazi beka deialdia
Xedea: proiekturen bat duen Beterri-Buruntzako ekintzaileari Kabiene elkartearen elkarlan-gunean egonaldia diruz laguntzeko deialdia, norgehiagoka erregimenean.
Kopurua:
4.500 euro. Ekintzaile bakoitzeko gehienez 1.742,40 euro, "beti ere ekintzaileak 12 hilabetetako erabilera izaten badu Kabienen".
Balorazio irizpideak:
jardueraren eta enpresa kudeaketari lotutako prestakuntza teknikoa, esperientzia profesionala; proiektuaren koherentzia sustatzaileen profil eta merkatuarekiko; berrikuntza eta inpaktu soziala; Kabieneko eskaintza osatu eta aberasturiko proiektua izatea; proiektuaren sustatzaileak Usurbilen erroldatua eta emakumeak izatea; euskaraz lan egiteko gaitasuna; berdintasun gaietan prestakuntza...
Ordainketa:
%80a dirulaguntza deialdiko ebazpena kaleratutakoan, gainerakoa memoria eta faktura agiriak aurkezturikoan.
Epea:
irailak 30 (bi ebazpen kaleratuko dira; bat maiatzaren 31ra arte jasotako eskaerekin, bigarrena irailaren 30era arte aurkezturikoekin).


Hutsik dagoen merkataritza lokal batean jarduera ekonomiko berri bat abiarazi nahi duten ekintzaileentzako dirulaguntzak
Xedea:
dirulaguntza deialdia, norgehiagoka erregimenean, Usurbilen hutsik dauden merkataritza lokaletan jarduera ekonomiko berri bat abiarazteko ekintzaileak laguntzeko.
Bi lerro ditu: bat hasierako gastuak laguntzeko eta, bigarrena, lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzen laguntzeko.
Kopurua:
27.800 euro (11.000 euro lehen gastuei aurre egiteko, 16.800 euro lehenengo bi urteko alokairu edo erosketa gastuetarako; 9.600 euro lehenengo urterako, 7.200 euro bigarren urterako). Proiektuko gehienez 10.300 euro lehen urtean eta 3.600 euro bigarrenean.
Balorazio irizpideak:
lehentasuna izango dute, egun, herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuek, ixtera doazenek edo itxi berrien segida diren proiektuek.
Baldintzak:
besteak beste, lokalik jabetzan ez izatea; jarduera Usurbilen kokatzea; jardueraren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatzen duen proiektua landua izatea; Foru Ogasuneko zerga betebeharretan eta Gizarte Segurantzari lotutakoetan egunean izatea, txikizkako merkataritza edo ostalaritza jarduerak izatea; pertsonei zuzenduriko zerbitzuak eskaintzen dituena, kale edo eremu jakin bat biziberritze lagunduko duena.
Balorazio irizpideak:
aurreikusitako inbertsioa, ekintzaileen prestakuntza eta esperientzia, enpresa txikia izatea, auzoetan oinarriko zerbitzuak eskaintzeko jarduera izatea, sortutako enplegua, euskararen presentzia, originaltasun eta berrikuntza maila, enpresa planaren kalitate teknikoa...
Epea:
irailak 30 (bi ebazpen kaleratuko dira; bat maiatzaren 31ra arte jasotako eskaerekin, bigarren irailaren 30era arte aurkezturikoekin).
Ordainketa:
%70era bitarte dirulaguntza ebaztean, gainerakoa azken justifikazioa aurkeztutakoan.

Aurkezteko modua:
-Presentzialki udal erregistroan.
-Telematikoki usurbil.eus atarian.

Informazio gehiago, urtarrilaren 19ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.