Etorkizuneko herria eraikitzeko “Usurbil Bizi. Lau misio, herri bat” proiektuaren baitan, aurrera begirako lau erronka aurkeztu zituzten Udalak eta eragileek iragan urrian Zumarten; zaintza, 650 Usurbil Bizi, “Udala, gertu” eta azkena, trantsizio ekosoziala. Azken hau, norbanako nahiz eragileekin batera diseinatzeko deia egin zuten.
Horren harira, ko-sorkuntza prozesua abiarazi zuten abenduaren 14an. Gerora ere saio gehiago egin dira. Datorrena, astearte honetarako, maiatzaren 21erako deitu dute arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. Hiru gai hartuko dituztela ahotan aurreratu du Usurbilgo Udalak; egindakoaren itzultzea, ideien garapena eta gobernantza eredua.
Aniztasun Kontseiluaren bilkura
Gaurko hitzordu honen aurretik, beste bilkura bat egin zuten aurreko ostegunean Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxean. Aniztasun Kontseilua bildu zen bertan.
Egun, eskuartean dituzten gaiak eta azken hilabeteotakoak hartu zituzten ahotan: HarEman proiektua, harrera zerbitzuaren balorazioa, argitaratutako eskuorriak, euskara ikasteko errefortzu saioak... Aztikerrekoen eskutik, gainera, "jatorri aniztasunaren herriko argazki eguneratuaren berri" eman zuten.