Ekainaren 9an

Egurrezko ontzietako sagardoen Euskal Herriko seigarren txapelketan parte hartzeko aukera

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 22a, 10:17

Antolatzaileek jada parte hartzaileentzako izen-emateko epea ireki dute.

Usurbilgo jaiegun nagusia igaro berritan, sagardo kontuekin segiko dugu datozen asteotan. Izan ere, egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko seigarren txapelketa iragarri dute Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak. Usurbilgo Udalak, Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak eta Euskal Sagardoak lagunduko dute ekimena.

Aipatzekoa, laguntzaileen artean, Eliza Zaharra Elkargunea. Izan ere, aurreko edizioak Usurbilgo frontoian ospatu izan dira. Seigarrenak eskenatoki aldaketa dakar; Aginagako Eliza Zaharrean egingo da, datorren ekainaren 9an, igandearekin. "Ekarri zure sagardoa eta parte hartu", egin dute gonbita antolatzaileek. Ekimenean izen-emateko epea zabaldu dute. Parte hartu nahi duenak maiatzaren 31ko arratsaldeko 19:00ak baino lehen, zortzi sagardo botila eraman beharko ditu sagardogile bakoitzak, "denak kalitate berekoak", antolatzaileek ohartarazi dutenez, Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibara.

Hiru sari
Txapelketara aurkezturiko sagardogileak ekainaren 9an Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean iragarritako "dastaketan parte hartu beharko du".

Hiru sari izango dira jokoan, antolatzaileek berri eman dutenez: 1.000 euroko "Herriko Etxea Saria", 450 euroko bigarren saria eta 100 euro hirugarren sarituarentzat. Antolakuntzak ohartarazi duenez, "saria jasotzeko unean eskuratzen duen sagardogilea bertan izango da; bestela, hurrengoari emango zaio". 

Txapelketa honi buruzko argibide gehiago, bideotatik jaso ahalko da: info+:sagardoa@ni.eus 
630 938 027
alkartasuna.eus