Zaintzailea zaintzea, finean horixe ari dira eskatzen azken aldian, Matiako langileak. Ildo horretan kokatu behar da egunotan aipatu fundazioak kudeaturiko Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunean egin duten mobilizazioaren pankartako galdera: “Hau al da zuen zaintza eredua?”. Lotsagarritzat eta kontraesankortzat jotzen dute, Matiaren ondrea eta jarduera nabarmen hazten ari den honetan, galdegiten zaien inplikazio, ardura eta lan-zamaren truke, oinarrizkotzat jotzen duten haien eskaerari bide ez ematea. Izan ere, urte hasieratik KPI-aren igoera ez zaie aplikatu. Hitzarmena negoziatzen ari diren honetan, Matiako erabiltzaileei eta haien senideen tarifetan aplikatu zaien igoera horrek langileen soldatetan islada izatea galdegiten ari dira. Gutxienekotzat jotzen duten eskaera hau, argi utzi dute “ez da negoziagarria gure aldetik”, NOAUA!ri adierazi diotenez.
Urtarriletik bizitzen ari eta onartezintzat jotzen duten egoera hau salatu eta plazaratzeko mobilizatzen ari dira egunotan zentro arteko langileen batzordean ordezkaritza duten LAB, ELA, UGT eta SAE sindikatuek deituta. “Tristeki kalera ateratzea tokatzen zaigu”, adierazi diote NOAUA!ri aipatu sindikatuotako ordezkariek. Salatu dutenez, “orain KPI-aren igoera ez aplikatzea posible da, duela gutxi, covid garaian, pertsonak zaintzeagatik heroiak ginenean”. Ez dute uste erraza izango denik haien eskaera betetzea, baina “haien esku dago. Guk ez dugu negoziaziorako atea itxita”.
Bitartean, egoera honek 1.500 langileei (ia %90 emakumeak) egunerokoan bete-betean eragiten dietela gogorarazi dute. Oinarrizko zerbitzua eskaintzen dute, pertsonen zaintza. Horregatik, “eskatzen duguna da, dagokigun moduan erantzutea da”. Langileok bizi duten egoera, sektoreak bizi duenaren parekoa dela adierazi diote hedabide honi.