Ekainaren 16an

Lau modu laugarren Uxue Trail ekimenean parte hartzeko

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 23a, 10:12

Ekainaren 16an izango den mendiko elkartasun lasterketan parte hartzeko lau modu izango dira. Izen-emateko epea zabalik dute.

Denok parte hartzeko moduko lasterketa izatea nahi dute aurtengoa ere; ohi bezala, sentsibilizazioa eta elkartasuna uztartuko dituena. Datorren ekainaren 16an izango da 4. Uxue Trail ekimena. Ekimen honen xedea, gogoan izan, "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa" ezagutaraztea da eta haren ikerketarako laguntza biltzea da. Horregatik, aurtengoan ere, "bai korrika bai dortsal solidarioaren bidez, ekitaldi honetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu" egin digute gonbita antolatzaileek. 

Elkartasun ekimen honetan ekarpena egiteko lau bide edo modu eskainiko ditu antolakuntzak. Batetik, distantzia ezberdinetako mendiko bi lasterketa antolatu dituzte, hirugarrenik, Uxue Paseoa deritzana eta, azkenik, dortsal solidarioa eskuratzeko aukera izango da.

Erritmo ezberdinetan
Lasterketei dagokienean, aipatu moduan, Andatzako buelta egitea ahalbidetuko duten bi izango dituzte korrikalariek aukeran; batetik, 20 kilometroko Trail Luzea eta 11,5 kilometroko Trail Motza. Izango da irteera alternatiborik ere. Izan ere, Uxue Paseoa ere iragarri dute, aurreko edizioetan bezala; 5,5 kilometroko ibilaldia. "Paseo bat da. Beraz, ez duzu eliteko kirolaria izan behar", ohartarazi dute antolatzaileek, sare sozialen bidez. Argitu dutenez, "distantzia motzeko eta altuera gutxiko paseoa da. Beraz, berdin du zein adin edo trebetasun fisiko daukazun, karrera hau zuretzako da!". 

Parte hartzeko gonbita luzatu duten. "Bakarrik, lagunekin, edo familiarekin egin dezakezu. Ba al dago igandean mendira joatea baino plan hoberik?".

Lasterka edo mantsoago aritu edo ibili nahi duenak aipaturiko hiru aukera horiek izango ditu eskuragarri. Baina bada, laugarren alternatiba bat ere; dortsal solidarioa eskuratzea, diru ekarpena egitearen truke. "Uxue bezalako umeei lagundu nahi badiezu, parte hartu lasterketan edo erosi zure dortsal solidarioa!", deitu dute elkartasun lasterketa honen antolatzaileek.

Marka  hautsita
Ia 600 lasterkarirekin, parte hartze marka hautsita amaitu zuten iazko ekainean 3. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa. "Gaur garailerik bada, hori elkartasuna da, herri elkartasuna", zioten antolatzaileek ekimenaren amaierako frontoiko ekitaldian. Horretan jarraitzeko deia egin zuten, "horrela herri hobegoa izango dugulako". Ekimenaren amaieran berri eman zutenez, gainera, "boluntarioz osatutako talde batek Uxue Lagunak Elkartea sortu zuen, bide honetan aurrera egin eta ikerketarako dirua biltzeko ekitaldiak antolatzeko".


4. Uxue Trail Mendi Lasterketa
Eguna: ekainak 16, igandea.
Ordua: 9:00.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Lasterketa motak:
-Uxue Trail Luzea (20 kilometro): 25 euro.
-Uxue Trail Motza (11,5 kilometro): 15 euro.
-Uxue Paseoa (5,5 kilometro): 12 euro.
-Dortsal solidarioa (donazioa).
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte hartzaileen artean.
Izen-ematea eta informazio gehiago hemen: rockthesport.com
Phelan-McDermid sindromeari buruzko informazio gehiago hemen: 22q13.org.es
Izen-emateko epea:
ekainaren 14ko gaueko 22:00ak arte (egunean bertan, izen-ematea 5 euro garestiago).