Zumarteko musika txokokoen topaketa Zarauzkoekin

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 23a, 10:20

Usurbilgo eta Zarauzko musika eskoletako musika txokoko parte hartzaile gaztetxoek emanaldi bateratua eskaini dute asteazken honetan Sutegin. Adi, Zumartetik datozen deialdiei.

Abesten, dantzan trebe asko aritu dira Sutegiko oholtza gainean. Topaketa berezi baten lekuko izan dira asteazken honetan, kultur-etxeko auditoriora jaitsi direnek. Izan ere, bi musika eskoletako kideak batu ditu hitzorduak; Zumarteko eta Zarauzko musika eskoletako musika txokoko kideak. 

Ez da epe motzera begira, Zumartetik iragarri duten topaketa bakarra izango. Gogoan izango duzue, gabonen atarian, belaunaldiarteko topaketa antolatu zutela musika eskolako ganbaran, Eguneko Zentroko eta eguneko arreta zerbitzuetako kideekin. Bi belaunaldiotako kideak elkarrekin urte garai horretako abesti ezagunak kantatzen aritu ziren. Badira zenbait urte topaketa hauek antolatzen hasi zirenetik, urtean bitan; gabonetan, eta bigarrena uda aurretik. Uda aurreko bigarren topaketa hau egingo dute datorren astean, estreinakoz Egurtzegin, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian.

Ikasturte berrirako izen-emateko garaia
Zumarteri lotutako hitzordu gehiago ekainean. 2023-24  ikasturte amaierako ekintzak ekainaren 2, 14 eta 15erako iragarri ditu. Aurretik, datorren astelehenean, maiatzaren 27an irekiko dute 2024-25 ikasturtera begirako aurrematrikulazio epealdia. Maiatzaren 31ra arte eman daiteke izena. Internetez egin ahal izango da, zumarte.eus web orrialdean, edota Musika Eskolako bulegoan bestela. Modu presentzialean egin nahi duenak bi egun hauek ditu aukeran: asteartea edota osteguna. Bi kasuetan, hauxe izango da matrikulaziorako ahalbidetuko den ordutegia: Goizez, 10:00etatik 12:30era. Arratsaldez, 18:00etatik 19:00ak bitartean. Kontuan izan maiatzaren 27an ireki eta maiatzaren 31n itxiko dela matrikulazio epea.

Musika eskaintza

Musika txokoa, musika mintzaira, tronpeta, tronboia, saxofoia, biolina, perkusioa, klarinetea, eskusoinua, trikitixa, panderoa, pianoa, txistua, gitarra, flauta, organoa, kantu modernoa, abesbatza eta talde instrumentalak.

 

Matrikulen prezioa

Ikasgaiak:

Musika Txokoa (4-5-6-7 urte): 147 euro.

Musika Txokoa+instrumentua: 294euro.

Musika Mintzaira : 147euro.

Instrumentua: 147euro.(Panderoa: 85euro.)**

Musika Mintzaira+instrumentua: 294 euro.

 

Musika Mintzaira edo instrumentua egiten ez duten ikasleak:

Abesbatza bakarrik: 85 euro.

Talde instrumentala bakarrik: 85 euro.

Abesbatza+taldea edo 2 talde: 115 euro.

** Hor zehaztutako kopuruaz gain, instrumentuko ikasleek ikasturtean zehar 32 euroko 10 kuota ordaindu beharko dituzte eta talde instrumentala bakarrik egiten dutenak 6 eurotako 10 kuota.

 

Hobariak

Familia ugarietan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio matrikulatuta dagoen ikasle gazteenari. Horretarako, familia ugariaren txartela aurkeztu beharko da.

Unitate familiar bereko 3 senide edo gehiago matrikulatuta dauden kasuetan, matrikularen prezioan %40ko deskontua egingo zaio ikasle gazteenari. Ikasle gazteenak bixkiak izanez gero, ikasle bati bakarrik egingo zaio deskontua.

 

Ordainketa

Plaza kopuruen zozketak egin eta onartutako ikasleen zerrendak argitaratu ondoren, matrikulazioan adierazitako kontu korrontetik," ikaslea onartua izan den ikasgaien matrikularegatik ordaindu beharreko tasaren %10 kobratuko zaizue ekaina bukaeran , %40 iraileko lehen astean eta %50 abendua hasieran". Zumartek aditzera eman duenez, plaza banaketaren arautegia aplikatuko da.

 

Ordutegiak

Instrumentuen kasuan, ikasle eta irakaslearekin behin-behineko ordutegiak bilera bidez adostuko dira.

Musika Txokoa, Musika Mintzaira, Kantu Kantari eta Abesbatzak taldeen ordutegiak aldiz, dagoeneko zehaztuta daude zumarte.eus web orrialdean.

 

Zumarteko instrumentuak baliatzeko aukera

Instrumentua ikasten hasten direnen artean, tronboia, saxofoia, tronpeta, flauta, klarinetea edo biolina ikasten hasten direnei, nahi izanez gero eta ikasleentzat egokiak badira (tamaina eta abar), Zumartek dituen instrumentuak urtebetez utziko zaizkie.