Gipuzkoako Bertso Txapelketa

"Sari bat iruditzen zait, bertsolaritza bizi dudan tokitik bizitzea"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 09:14

Txikitatik datorkio bertsotarako zaletasuna etxetik. Lehen aldiz bertso-eskola batean hitza hartu ahal izateko zain zen eta ordutik, zaletasunari bide ematen ari da. Urteetako lanketak ekarri du 2003an estreinakoz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan abesteko esperientzia errepikatzera. Apirila amaieran abiarazi zuten, udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketara begirako sailkapen fasea, Gipuzkoa Bertsotan izeneko ekimena. Ekimen hau bi itzulitan antolatu dute. Lehenengoa aurreko asteburuan amaitu zen. Lehiakideen artean da Fernandez. Datozen bi asteburuetan jokatuko den bigarren itzulirako sailkatu da, sortzez urretxuarra den bertsolaria.

Udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Bertso Txapelketan sailkatzeko abian den Gipuzkoa Bertsotan ekimenean ari da parte hartzen Uxue Fernandez Lasa herrikidea. Ekainaren 2an Hernanin (17:00etan Biteri kultur-etxean) izango duen bigarren itzulirako sailkatu da, sortzez urretxuarra. Lehiakide izango ditu Maialen Akizu Bidegain, Maddi Aiestaran Iparragirre, Aitor Zubikarai Salegi, Antton Aizpurua Aldape eta Urko Egaña Calderon. Saiorako sarrerak bertsosarrerak.eus atarian eskura ditzakezue. Etxetik datorkion bertsozaletasunaz aritu gara lerrootan. Izan ere, bertsolaritza bidelagun izan du betidanik.  


Gipuzkoako Bertso Txapelketara itzulera da zurea, ezta?
2023ko azaroan erabaki nuen 2024ko Gipuzkoa Bertsotan ekimenean parte hartzea. Ez dut Gipuzkoako Bertso Txapelketan parte hartu 2003an kantatu nuenetik. Testuingurua asko aldatu da, edade bikoitza dut. Oraingoan, Gipuzkoa Bertsotan ekimeneko lehen saioa oso ona egokitu zitzaigun giroz ere. Bigarren itzulian gara. Oso-oso pozik nago hau dena bizitzeaz. Ni hemen banago, horretan jende askok eragin duelako da; lehenbizi, etxekoek. Anaia zaharrago bat dut, aldez aurretik bost aldiz eta orain ere parte hartzen ari dena. Jendeak pentsatzen du jendaurreko horretan ez bazaude ez zaudela, baina uste dut bertsogintzan egoteko oso modu ezberdinak daudela; horietako bat da bertso-eskolako bertsolari izatea, ez duena beharrik plaza horretara joateko. Nik hala egin dut; txapelketari dagokionez, lau edizio pasa ditut parte hartu gabe. Orain, sorpresa efektua naiz 40 urte betetzear ditudanean, ez bainaute bertsotan entzun. Orduan, entzun ez zaituzten horretan pentsatzen dute ez duzula bertsotan egiten. 


Zertan aldatu da estreinakoz parte hartu zenuen aldi hura egungoarekin?
Orduko testuinguruko gauza batzuk ez zitzaizkidan asko gustatu, jarrera batzuk, entzundako gauza batzuk. Ez dakit testuingurua zenbateraino aldatu den, baina niri inporta zaidana da, bertsolaritza nondik, nola eta zeinekin bizi dudan, hori baita aldatu dena. Hernaniko bertso-eskolan nabil astero, ahalduntze bertso eskolan hilero. Zaharrenak ni eta kide bat gara. Jendeak hor deskubritzen zaitu, bitxia da. Ikuspegi feministatik gu ahalduntzeko eta aldi berean gaiei beste buelta batzuk eman edo beste gogoeta gune bat sortzeko aukera ematen dizun gune bat da. Hiru gai-jartzaile daude bertsolarion zerbitzura, gaiak mimo izugarriz jarriak. Hori normalean ez da plazako egoera batean gertatuko, ez bada horietako bat gai-jartzaile jardungo dena. 

Plazako egoera batean halakorik ez gertatzeak zer esan nahi du?
Gizartea bezala, bertsolaritza bera ere feminista bere neurrian dela. Gizartean dugun islada da. Halere, lan handia egiten ari da Bertsozale Elkartea eta poliki-poliki aldatzen doa. Egun, oholtza gainera igoko zara jakinda oholtzakideren bat ere zure konplizea dela, helduleku bat badela badakizu. 2003an ez nuen hala bizi, askoz gutxiago ginen. 

Eremu zehatz batzuetan agertzeko, txapelketetan parte hartu beharra dago?
Txapelketak helburu ezberdinak ditu; saretzea gure artean, biziberritzea. Baina morboa dakar; kirol emaitzak ateratzen diren moduan, txapelketako emaitzak ateratzen dira eta hor uste dut askotan galtzen duela iparra. Neurtu ezin den zerbait neurtzen da. Uste dut oso sanoa dela hori pentsatuta joatea kantatzera zoazenean. Neure helburua ez da udazkeneko txapelketarako sailkatzea. Sari bat iruditzen zait bertsolaritza bizi dudan lekutik bizitzea. Maider Arregi eta Oihana Arana dira ni nagoen unean egotearen "errudunak" eta txapelketan izen-ematera bultzatu nautenen artean daude. Gabiriko saioan edo bertso eskolan Maiderrekin abesteko aukera izateak ez du preziorik. Kontraste horretan hain zuzen, bertso-eskoletan parte hartzea polita da. 

2003ko esperientzia aldarazten ari da egungoa?
Duela 20 urteko bizipenak lagungarriak dira. Aho-zapore hura kendu nuen Gabiriako saioarekin eta bigarren saioan ea gozatzen dugun. Gauza handienetako bat lortu nuena zen saio hartan egotea, gorputzaldi ona sentitzea, nahiz eta urduritasuna handia izan. Gainera, jasotako feedback-a ere oso ona izan zen. Gorputzaldi hori lortzen badut bigarren saioan, seinale ona izango da. Aldi berean, lanean finkatzeko oposaketa bat egin berria naiz. Nire indar gehiena hor zegoen, halako batean finko bihurtu naiz. Horrek erlatibizatzen laguntzen du dena. Taldean jarduteak ere asko laguntzen du. Urretxu, Hernani eta Usurbilgo bertso-eskoletan nabil eta taldea dagoela sentitzen dut. Inguru horretan aritu ahal izatea hitzarekin jolastea gustuko izanda, ordainezina da. 

Bertsolaritza eta zu lagun zaharrak zarete ezta?
Etxean oso giro bertsozalea zegoen. 11 urte bete arte ezin nuen izena eman bertso eskolan eta zain egon nintzen. Izan ere, 9 urterekin jada belodromora joaten nintzen etxekoekin bertso txapelketako finala ikustera. Asko-asko gustatu izan zait bertsolaritza, betidanik izan naiz bertsozalea. Betidanik izan dira bertsozaleak etxean. 

Ordutik, aldatu zaizkizu erreferenteak?
Gure bertso-eskolako kide eta oso bertsolari ona Nerea Elustondo da. Erreferenteei dagokienean, oholtzako proportzioa pixka bat aldatu da, baina uste baino gutxiago. Gipuzkoa Bertsotan-en, 74k kantatuko dugu eta 21 gara emakumezkoak, ez gara %30era iristen. Erreferenteak baino lehen ikusitakoak, orain lagun edo kide ditugu. 

Emakumeen parte hartzea nolakoa den argitzeko oinarrira jo behar da?
Bertso-eskoletan normalki neskak gehiago izaten dira mutilak baino. Gerora ordea, mutilek errazago egiten dute aurrera neskek baino. Hori Bertsozale Elkarteak aztertua eta ondorioztatua du. Bertsotan oholtzaratzen zaren unetik zure gorputza jartzen duzu hor. Oso zaurgarria zara. Jende askok irakurriko du Uxue kantatzen ariko balitz bezala eta ez Uxuek sortu duen pertsonaia. Hori 40 urterekin errazago kudeatzen da, bizitakoak errazago erlatibizatzen laguntzen du. 19 urterekin abesten zuen Uxuek oraingoarekin zerikusi gutxi du. Genero arrakala badago eta ahalduntze bertso-eskola ere hortik sortu zen, behar hori ikusita. 

Bertso-eskolak aipatuta, txikitatik aritu zara guneotan. Zer jaso duzu eta egun zer ari zara ematen?
Guri etxetik etorri zaigun transmisio kate horretan beste katebegi bat izan da. Saretzeko, harreman oso onak egiteko aukera ematen du, hizkuntza transmisiorako eta hizkuntarekin jolasteko aukera bat eta, aldi berean, besteengandik edan eta zuk ere ahal duzun heinean ematekoa. Gero, bakoitzak bere lanketak egiten ditu. Bertsozale gisa izugarri gozatzen dut entzuten. Izugarria da jendeak nola egiten duen bertsotan. Zorteduna sentitzen naiz.

Datorrena datorrela, bertsolaritzarekin segi nahi duzu harremantzen.
Segi eta segi, modu horretan aritu naiz lanketan bizitza osoan, izan arlo batean edo bestean. Iñurri lan horretan egindakoaren emaitza orain hasi naiz jasotzen. Sailkapen fase honetan gertatzen dela gertatuta ere, ez dut uste nire agenda asko aldatuko denik eta ez nuke nahi.