#E9

Europako hauteskundeei begirako kanpaina abian, astebururako lehen deialdia

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 09:35

Gauerdiaz geroztik abian da, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begirako kanpaina. EHBilduk larunbaterako deitu du kanpainako lehen ekitaldia. Gogoan izan, bestalde, posta bidez bozkatzea eskatzeko epealdia azken txanpan da.

Gauerdiaz geroztik eragile politikoek herritarren atxikimendua biltzeko kanpaina abian da. Izan ere, ate joka ditugu udaberri honetarako deituak zeuden bigarren hauteskundeak; Europako parlamentua berritzea ahalbidetuko dutenak. Ekainaren 9an izango da bozketa eguna; aurretik, gaur hasi eta hilaren 7ra arte luzatuko da jada abian den kanpaina.

Usurbilen dagoeneko, ohi bezala, jarriak daude eragile politikoek herritarren botoa eskatzeko panelak herri eta auzoetan. Kanpainako lehen ekitaldia ere iragarri du jada Usurbilgo EHBilduk. Larunbat honetan, maiatzaren 25ean, herri argazkia ateratzeko deia egin du, arratsaldeko 18:30etan Aranerrekako parkean. Herri argazki honekin Palestinaren aldeko murala osatu nahi dute.

Posta bidezko botoa
Gogoan izan, bestalde, zabalik segiko duela posta bidez botoa ematea eskatzeko epealdiak, maiatzaren 30era arte. Modu honetan bozkatzea erabakitzen dutenak, maiatzaren 20tik aurrera hasiko dira dokumentazioa jasotzen. Jaso ahala, botoa emateko aukera izango dute tramitazio hau egoki bideratu dutenek. Berez, ekainaren 5era arteko tartea zehaztu zuten botoa modu horretan emateko. Baina Hauteskunde Batzorde Zentralak epealdi hau egun bat luzatzea erabaki du, hilaren 6ra arte, beraz.

33 hautagai-zerrenda
720 diputatuek osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legealdietan baino 15 ordezkari gehiago izango ditu. Haietatik 61 espainiar estatuari dagozkio. 39 izan ziren deialdi honetara aurkeztu ziren hautagai-zerrendak, maiatzaren 8ko Estatuko Aldizkari Ofizialean aipatu Hauteskunde Batzorde Zentralak berri eman zuenez. Aldiz, aipatu moduan, azkenean, 33 izan dira onetsi eta aldarrikatu dituenak.

Haietatik, Usurbilgo Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten edo izan dutenen zerrendei erreparatuz gero, bada berezitasunik. Izan ere, aurreko deialdietan gertatu moduan, EHBildu eta EAJ alderdi gehiagorekin batera koalizio baten izenean aurkeztu dira. EAJ "Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa"ren izenpean Coalición Canaria, Geroa Bai edota El Pi-Proposta per les Illes Balears-rekin. EHBildu "Orain Errepublikak" izenarekin, ERC, BNG eta Ara Més-ekin. Gainerakoan, PSOE, PP, Sumar eta Podemosek zerrenda bakarra aurkeztu dute estatu osorako.

Mahaikideak hautatuak
Maiatzaren 14an eginiko zozketan hautatu zituen Usurbilgo Udalak, ekainaren 9an irekiko diren hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herrikideak; 72 guztira, titularrak eta ordezkoak aintzakotzat hartuta. Haietatik azkenean 24 izango dira lan egitea egokituko zaienak.

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzaren 30era arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.