Kantu-jira, larunbat arratsaldez oraingoan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 24a, 08:19

Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik ohartarazi dutenez, eguerdian ez, arratsaldean egingo da hilabete honi dagokion larunbat honetako kantu-jira.

Maiatza amaierara hurbiltzen goaz eta harekin gerturatzen ari da kantuan plazaratzeko eguna. Hilero moduan, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak antolaturiko kantu-jira izango da larunbatean, maiatzaren 25ean. Baina adi, bi berezitasun izango ditu hitzordu honek. Alde batetik, 2023-24 ikasturteari dagokionean, uda aurreko azken saioa izango da honako hau. Azkena, ohi baino geroago itzuliko da gainera. Izan ere, orduz aldatu dutela jakinarazi dute Usurbilgo Euskal Kantu Taldetik.

Larunbat honetan, maiatzaren 25ean izango den kantu-jira, eguerdian ez, arratsaldeko 19:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik. Ohi bezala, kantu-liburuxka eskuartean hartu eta euskal kantutegiari errepaso ederra emango diote ederki dakiten moduan, kalez kale, Usurbilgo erdigunean barrena.

Kantu ikastaroa
Ez ahaztu, kantu-jira prestatu nahiz orohar, euskal kantugintzan trebatzeko ikastaroa abian duela hamaseigarrenez, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak. Astelehen arratsaldero biltzen dira, 18:00etan Agerialdeko musika gelan.