Usurbilgo jaiak
Txupinazoa
"Nork bota beharko luke aurtengo Santixabeletako txupinazoa, zure ustez? Zergatik?". Hortxe, Usurbilgo jaiei lotutako deialdi honetan erantzun beharrekoa. Festei hasiera nork edo nortzuk ematea nahi duzuen proposatzeko aukera izango duzue maiatzaren 24ra arte. Emailez helarazi dezakezue zuen ekarpena, kultura@usurbil.eus helbidera. Bestela, dagoeneko udaletxean, liburutegian, kiroldegian eta Potxoenean jarri dituzte kutxak.
Egitarau diseinu lehiaketa
Festen berri emango digun egitaraua diseinatzeko txapelketarako lanak aurkezteko epea ere ostiralean itxiko du Jai Batzordeak, maiatzaren 24an. Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira. 500 euroko saria eskuratuko du irabazleak. Oinarrien berri bideotatik jaso dezakezue: usurbilkultura.eus / 943 371 999.
Diseinu lanari dagokionez, ohi bezala, lehenbizi Potxoenean egitarauko testua eskuratu beharko da edo bestela kultura@usurbil.eus helbidean galdegin.
Testu horretan oinarritu beharko da sortze lana, euskaraz, neurri librean. Udalaren logoa erantsi beharko zaio. Lanak paperean eta euskarri digitalean (CD edo pendrive batean, PDF formatuan) aurkeztu beharko dira, bi gutunazaletan. Bietan egilearen izengoitia, A edo B gutunazala den eta "Santixabel egitarauaren lehiaketa" adierazi beharko da. Kartazaletan eta B kartazaleko dokumentazioan "izengoitia ez den beste izenik erabiltzen bada identifikatzeko, eta izen horrek parte-hartzailea zein den jakiteko bidea ematen badu, parte hartzaile hori lehiaketatik kanpo geldituko da".
A gutunazalean, "aurkezleari buruzko datuak bilduko dira: izen-abizenak edo taldearen izena, IFZ/IFK, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa eta hura identifikatzeko behar den beste edozein datu". B gutunazalean, "proposatzen den diseinua joango da, euskarri digitalean eta paperean".
Nahi adina sortze lan aurkeztu daitezke, norbanako gisa, edo taldean eta "taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun". Modu batean edo bestean ordea, lanek aurrez argitaratu gabeak, lehiaketetan parte hartu gabekoa eta originalak izan beharko dute. "Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da".
Jai Batzordeko eta diseinu arloko ezagutza duten bina kideek eta kultur arloko zinegotziak osaturiko epaimahaiak izango du azken hitza. "Erabakia hartzeko orduan, garrantzia handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari".
Lanak udal erregistroan aurkeztu beharko dira, edo bestela helbide honetara postaz bidali: Usurbilgo Udala, Kultura Saila: Joxe Martin Sagardia plaza z.g.; 20170 Usurbil.
Informazio gehiagorako, deitu 943 377 199 telefono zenbakira edo kultura@usurbil.eus helbidera idatzi.
Zirimara
"Jolas hezi programa, psikomotrizitatea, natur jarduerak, saio bereziak, familia planak..." eta gehiago eskaintzen segiko dute egitasmo honek 2024-25 ikasturtean ere. Urriaren 1etik maiatzaren 30era arte luzatuko da datorren denboraldiko Zirimara.
Zirimarako izena online eman ahalko da maiatzaren 24ra arte, https://labur.eus/zXkrr helbidean. Ikasturte osoko kuota, 135 eurokoa izango da. Albiste honi atxikitako irudian ageri den kontu zenbakian egin beharko da ordainketa.
Kontuan hartzeko zenbait ohar plazaratu dituzte Zirimararen sustatzaileek. Batetik, Eskola Kirolean parte hartzeko derrigorrezkoa izango da Oiardo kiroldegiko bazkide izatea. Bestalde, "Kiroldegiko abonamendurako hobariak eta eskolaz kanpoko kirolean aritzeko dirulaguntzak" daudela gogorarazi dute. Informazio gehiago Kiroldegian edo usurbil.eus atarian jaso daiteke.
2024-25 ikasturtea
Zirimararen ordutegiak
Honako ordutegia izango dute:
Kaxkoan:
LH 1-2: astearteetan, 16:30-18:30 artean.
LH 3-4: ostegunetan, 16:30-18:30 artean.
Aginagan:
LH1-6: asteazkenetan, 16:45-18:15 artean.
Zirimara familian:
0-6 urte: astearteetan, 16:30-17:30 artean.
Ate irekiak
Usurbilen:
Maiatzak 16, 16:30-18:30: LH 3/4.
Zubietan:
Maiatzak 15, 16:45-18:15: LH 1-6.
Zirimara familian:
Maiatzak 21, 16:30-17:30: 0-6 urte.
Lanbide Heziketa
2024-25 ikasturterako aurrematrikulazio epealdia ixtear dute Lanbide Heziketa osoan. Gogoan izan, etapa horretako bi ikastetxe ditugu; Atallun Oinarrizko Lanbide Heziketa. Zubietan, Usurbilgo Lanbide Eskola. Bi ikastetxoetan ostiralean, maiatzaren 24an itxiko dute hurrengo ikasturterako aurrematrikulatzeko tartea.
Hain zuzen, erdi eta goi mailako bost familia profesionaleko zikloak eskaintzen ditu Zubietako ikastetxeak: Administrazioa, Elektrizitate-Elektronika, Energia eta Ura, Fabrikazio Mekanikoa, eta Instalazioak eta Mantentzea.
Hitzordua eskatzeko:
Etarte bidea, 9
943 364 600
Ordutegia: 8:30-17:00 (astelehenetik ostegunera), 8:30-14:30 (ostiraletan)
lhusurbil.eus
Oinarrizko Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketa osoan zabalik da 2024-25 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina; baita Oinarrizko Lanbide Heziketan ere. Bi espezialitate eskaintzen dituzte: ile-apainketa eta estetika zein sukaldaritza eta jatetxe titulua eskuratzeko ikasketak. 15-17 urte arteko gazteei zuzendua dago hezkuntza eskaintza hau (DBH 3 egina dutenak edota salbuespenez DBH 2 egina dutenentzat). Bi ikasturterako ikasketa prozesua da, 2.000 ordukoa. Lanbide bat ikasi eta lan munduan murgildu nahi duten gazteei nahiz gerora erdi-mailako ikasketak egin nahi dituztenentzako da. Amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua eskuratuko dute, erdi mailako ziklorako sarbide zuzena, DBH graduatua lortzeko bidea ere bada edota lan mundurako 1 zenbakidun profesionaltasun ziurtagiria jasoko du.
Lan-metodologia “oso praktikoa da” Atallun kokaturiko eskolakoen esanetan. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean 4 ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean 2 ordu)”. Bestalde, erronkak proposatzen dituzte; “lan munduan gerta daiteken egoera bat azaldu eta horren inguruan lan egin”.
Oinarrizko Lanbide Heziketa berezi egiten duen hainbat ezaugarri ditu. Ikastetxetik nabarmendu moduan, eskola txikia da, “talde txikietan lan egiten dugu”. Horren harira, ikasleen arreta indibidualizatua bermatua dagoela ziurtatu dute. “Ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie. Ikaslea kokatzen dute hezkuntza prozesuaren erdigunean. “Gaztearengan sinisten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu. Gaztea ahalduntzen saiatzen gara. Bere buruan sinisten lagundu. Autoestimua landu”. Gaztearen hurbileko testuinguruarekin, “familiarekin harreman estua dugu. Enfoke sistemikotik lantzen saiatzen gara. Gaztea erdigunean jartzen dugu”.
Informazio gehiagorako:
Atallu. Zanpiura, 3
943 360 465
lhi@usurbil.eus