EAJ-k San Inazioko biribilgunea hobetzeko proposamena luzatu du beste behin ere

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 27a, 08:00

Irudi-muntaia honetan ikusten den moduan, biribilguneko espaloiak zabaldu eta zebrabide berri bat jartzea proposatzen dute jeltzaleek.

San Inazio biribilgunean auto ugari dabiltza. Arrazoi hori medio, oinezkoen segurtasuna hobetzeko premia azpimarratu du Usurbilgo EAJ-PNV alderdiak. Nola hobetu? Biribilguneko espaloiak zabalduz eta zebrabide berri bat jarriz.

Alderdi jeltzalearen esanetan, hobekuntza horiek egiteko 12.000 euroko inbertsioa egin beharko litzateke. “Horri esker, oinezkoentzako ibilbide segurua gauzatu ahal izango da, EAJ-PNVk udalerriko bide-segurtasunarekin eta irisgarritasun unibertsalarekin duen konpromisoa azpimarratuz”.

Proposamena ez da berria. 2024ko udal aurrekontuak zuzenketa garaian zeudenean, EAJ-PNVk orduantxe luzatu zuen lan honen beharra, “baina EH Bilduren udal gobernuak ez zuen onartu”, prentsa-ohar bidez gogora ekarri duenez.

 

Segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzea helburu

“Espaloirik eta zebra-biderik gabeko errepidea izanik, haur askok autobusa hartzeko gurutzatzen dutenean, arrisku-egoera ugaritu egiten dela" dio Xabier Otxoak, Usurbilgo EAJ-PNVren bozeramaileak. "Proposamen hau Usurbil seguruago eta guztiontzako eskuragarriago bat lortzeko aurrerapausoa da. Sentitzen dugu 2024ko aurrekontuetan sartu ez izana, baina lanean jarraitzen dugu, eta gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten proiektuak defendatzen. Segurtasuna eta irisgarritasuna gure udalerrian bermatu beharreko oinarrizko eskubideak dira".