Jakin Jardunaldia

Hiru eremuetatik aztertuko dute "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 13:38

Euskal gatazkaren inguruan egiten den memoriagintzaz kritikoki hausnartzea; memoriari lotutako zenbait ekimen eta ikerketa ezagutzea; eta, azkenik, gazteek gatazka nola jaso duten eta memoriagintzara nola lotu diren ikustea. Helburuon bueltan antolatu dute "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldia ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen.

Beste urte batez, UEU-ren 52. udako ikastaroen baitako Jakin Jardunaldia antolatu dute UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak. Aurreko urteetan, gizarte mugimenduak, zaintza, desazkundea, pandemia... aztergai izan ostean, oraingo honetan, aipatu moduan, memoria kokatuko dute jardunaldion erdigunean.

Hainbat aditu eta aritu bilduko dituzte bi egunotako saiootan; tartean, Usurbil 1936 herriko oroimen historikoa berreskuratzeko lanean ari den elkarteko ordezkariek parte hartuko dute hitzorduetako batean. Horrez gain, segidan, gai honi lotutako herri ibilaldia egingo da.

Zer, nork, nola
Hiru eremuetatik heldu asmo diote gaiari: memoria zer den, memoria nork kontatzen duen, eta, azkenik, memoria nola transmititu, zabaldu. Lehenengo zatian, memoria zer den, horri buruz jardungo dute. "Historia, iraganeko gertakizun esanguratsuen erregistroa dela badakigu, baina erregistro hori neutrala ez dela ere bai, eta beti dela osagabe eta beti gatazkatsu gertatzen dela denborak aurrera egin, edo belaunaldi berriak inkorporatu edo gauza berriak gertatu ahala", Jakineko zuzendari Lorea Agirreren esanetan.

Memoria etengabe eraikitzen den zerbait dela aintzakotzat hartuta, jardunaldi honetan, "memoria noiz bihurtu daitekeen historiarako gai, ze memoriak duen baimena historiara pasatzeko, nork pasarazten duen, elkarren artean harikaltzen eta nahasten ote diren eta nolabait harilkatze, korapilatze, gatazkatze horretan zer ikusi duen botereak eta botere ezak", horri guztiari buruz jardungo dute.

Bigarrenik, "memoria nork kontatzen duen" hartuko dute ahotan; "nork eta nork ez duen kontatzen, emakumeek zer duten kontatzeko jarriko dugu mahai gainean". Azken aldian, gatazkari buruz landutako ikerketa eta doktore  tesiengan jarriko dute fokua; "gatazketan, generoak baldintzatzen duen zerbait badago? Errepresio mota aldatu egiten da? Azpigerrarik bada gatazka ofizialetan? Gertatzen dira beste gatazka batzuk azpian? Generoak markatzen ditu horiek?". Galdera hauek hizpide hartuko dituzte datorren Jakin Jardunaldian.

Hirugarrenik, "memoria nola zabaldu eta ezagutzera eman", horri buruz jardungo dute; "alegia, belaunaldi berriei nondik nora iristen zaien memoria hori, iristen ote zaien, pentsatzen ote duten ukatzen zaien memoria bat dela".

"Sinergia esaten den horren adibidea da"
Zalantzarik gabe, "gai potoloa da, kolektiboki badago zer landua. Gatazkak amaitze bidean izan edo bukatutakoan, beti behar izaten da gogoetatu, pentsatu, hausnartu, erreparatu, justizia egin, ezkutuan geraturiko ahots guztiak atera. Hori modu erakundetu, antolatu batean egin liteke, edo hori ezean, beste modu batzuetatik. Hau izan daiteke horren adibidea, gai horretan aletxo bat jartzeko saiakera", Jakineko zuzendariaren esanetan.

Jardunaldi honen antolatzaileen arteko lankidetza erosotzat jo zuen Agirrek aurkezteko berriki Donostian eginiko agerraldian, "sinergia esaten den horren adibidea da". Urtez urte, hobetzen doana. "Geroz eta hobetoago, interesgarriago, hobeto landuago eta hobeto pentsatua antolatzeko" lankidetza bideratzen doazela gaineratu zuen.

"Guretzat Jakin Jardunaldia garrantzitsua da oso, mimo bereziz lantzen dugu urtero gaia eta, ondoren, ateratzen dugun monografikoan baita ere. Ez dakit hitzarmen hau ez balego nola egingo genukeen". Urrian kaleratuko dute ekaineko jardunaldioi lotutako argitalpena, egun horietatik kanpoko edukiekin osatuko dutena, aldaketekin; "diseinu berriarekin, itxura berriarekin egingo dugun lehen alea izango da".

Jardunaldiaren lekua ere garrantzitsutzat jo zuen. "Euskal Herrian herri asko dago eta herri bakoitzak du bere historia, memoria. Usurbil bada herri bizia kultura aldetik, guk behintzat horrela bizi dugu. Edozein gai planteatzen dugula beti dago herrian erreferentziazkoa edo osagarria den ekimen bat, hizlari bat... Hori interesgarria da gaiak berak lur hartzen duelako, ematen ari garen leku horretan", nabarmendu zuen Agirrek.