Jakin Jardunaldia

Beste lau urtez lankidetzan

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 14:00

"Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldia antolatu dute Jakinek, UEU-k eta Usurbilgo Udalak ekainaren 20rako eta 21erako Artzabalen. Hiru eragileok batera antolatu duten ekimen honen zortzigarren edizioa da honako hau, gutxienez beste lau urtez luzatuko dena. Izan ere, orain arteko lankidetza hitzarmena berritu dute egunotan.

 

Zortzi edizioetako lankidetza hitzarmena berritu dute UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak, Jakin Jardunaldia antolatzen segitzeko. Hirugarrena sinatu dute egunotan, beste lau urterako. "Beraz, beste lau edizio gehiago gutxienik izango dira bai. Hitzarmen honek ahalbidetzen duena da UEUren eskaintzaren barruan Usurbilen Jakin Jardunaldia antolatzea", gogorarazi zuen hitzarmena sinatzerakoan Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak.

Pozarren agertu ziren sinatzaileak. “Elkarlan hau oso emankorra, aberatsa eta gustagarria da”, nabarmendu zuen alkateak. Lankidetza hitzarmen honetan antolatzaile bakoitzaren egitekoak zehazten dira. Udalak tokia, herria eskainiko dio Jakin Jardunaldiari, 10.000 euro bideratzeaz gain; 4.000 euro UEUri bideratuko dizkio Udalak antolakuntza eta koordinazio lan zein matrikulazio kanpaina bideratzeko eginbeharretara eta gainerako 6.000 euroak Jakin Fundazioari, "jardunaldi hauen inguruko gaiak proposatu, gogoetatu, zuzendu, dinamizatu eta jardunaldiaren ostean ateratzen den lan monografikoan, ateratzen diren proposamenak bildu daitezen". 

Jakin Jardunaldiaz alkateak zioenez, “guretzako aukera paregabea da herri unibertsitate herritar hori bi egunez gure herrira ekartzea, ezagutzaren, gogoetaren, jakinminaren, pentsamenduaren, kulturaren artean egiten den uztarketa hori gure herrian gertatzea, iruditzen zaidalako, herrigintzan ari garenontzat behar beharrezkoak ditugula elkarrekin pentsatzen jartzen gaituzten gune horiek”.


"Herrigintzari ere emango zaio tokia"
Gaiari dagokionean ("gatazkaren memoria, memoriaren gatazka") gaurkotasun handikotzat jo zuen. Izan ere, "memoria lantzea bada gaurkotasuna lantzea, oraina lantzea eta batez ere etorkizuna lantzea. Memoriaren ertz horiek guztiak nork lantzen dituen, zertarako, nola... Galdera horiek guztiak plazaratu, erantzungo ditugu jardunaldi honetan; besteak beste, eta nagusiki ere Euskal Herrian zer gertatzen ari den hausnartzeko bide emango digu eta memoriagintzaz ikuspegi kritiko batetik aritzeaz gain, beti bezala, maila akademikoan egiten diren proposamenak plazaratzeaz gainera, herrigintzari ere emango zaio tokia eta horretan ere memoriari lotutako hainbat proiektu ezagutzeko aukera izango dugu", iragarri zuen. 

Usurbilen oroimen historikoaren alorrean Usurbil 1936 elkartea egiten ari den lanketari egingo zaion tartea nabarmendu nahi izan zuen, "lanketa kolektiboa delako, 1936ko gerrak eta gerraren ondorioek nola kolpatu zuten gure herria, nola kolpatu zituen usurbildarrak ezagutzera emateko, ahaztuta geratu ez dadin eta batez ere transmisioan sakontzeko eta memoria antifaxista bat lantzeko". Bere esanetan, "gaur egun uste dut ezinbestekoa dela ikuspegi horretatik heltzea memoriari".