Jakin Jardunaldia

"Oso eroso sentitzen gara gaurkoa bezalako elkarlanetan"

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 13:49

Ekainaren 20an eta 21ean Artzabalen egingo den "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izeneko Jakin Jardunaldiaren bueltako lankidetza eredua goraipatu du UEU-k.

"Izenburua laburra izanda, benetan sakona da", adierazi zuen UEU-ren zuzendari Aitor Bengoetxeak aurtengo Usurbilgo Jakin Jardunaldia aurkezteko iragan astean antolatzaileek (UEU-k, Jakinek eta Usurbilgo Udalak) Donostian eginiko agerraldian.

Bere esanetan, "nire ustez berebiziko garrantzia du gazteen edota umeen ikuspegiak; hau da, bere adinagatik gatazka bizi izan ez duten gazteek eta batez ere umeek jasotzen duten gatazkaren kontaketak, zein den benetako arazoa, zer jarri erdigunean, zer ertzean, zer den ondorio eta kausa. Izan ere, neurri handi batean horrek eraikiko du beraien kontzientzia".

"Gogoeta eta hausnarketarako aukera izatea"
52. ediziora ailegatu dira UEU-k antolaturiko udako ikastaroak. Orain arte jorraturiko ibilbidearen bilakaera hartu zuen ahotan. "Urte luze hauetan zehar, saiatu gara nolabait egokitzen garai bakoitzari ahal izan dugun modu hoberenean", oroitu zuen Bengoetxeak.

Hamarkada hauetan, formatua ere aldatzen joan direla gogorarazi zuen; hitzaldi irekiak, adituentzako saioak, barnetegiak antolatu izan dituzte. "50 urte bete genituenean, pentsatu genuen indartu behar genuela gure udako ikastaroetan gogoeta eta hausnarketa gune izatea. Gogoeta eta hausnarketarako aukera izatea nahi dugu gure udako ikastaroetan", nabarmendu zuen UEU-ren zuzendariak.

Gogoeta partekatuaren gune izaten segi nahi dute, orain arteko beste ezaugarriei eustearekin batera, "nazionala eta euskalduna izatearekin batera". Udako ikastaro hauen izaera berdinzalearen ideia ere nabarmendu zuen. "Benetan sinesten dugu horretan", azpimarratu zuen Bengoetxeak.

"Horrela sortzen dira sinergiak"
Eskaintzaren izaera herritarra ere goraipatu zuen. Eta berdinzalea. Izaera herritar horretan kokatu zuen hain zuzen, ekainaren 20rako eta 21erako zortzigarren urtez segidan, Jakinekin eta Usurbilgo Udalarekin Artzabalen antolatu duten Jakin Jardunaldia.

"Gu oso eroso sentitzen gara gaurkoa bezalako elkarlanetan, Jakin fundazioarekin eta Usurbilgo Udalarekin kasu honetan, ze uste dugu horrela sortzen direla sinergiak eta hori da, azken finean, gure bokazioa, sinergiak sortu eta ekarpenak egin Euskal Herriari. Gure aldetik sinergia horietan saiatzen gara jartzen gure ale akademikoa". Lankidetza honetan jarraitzeko gogoa adierazi zuen. "Elkarlan honetan gu gustura sentitzen gara. Emankorra izan dadila", desio izan zuen Donostiako agerraldian.