Etxealdiako zubia itxita gaurtik, pasabide alternatiboa zabalik berria eraiki artean

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 27a, 10:52

Tren geltoki berriko lanak tarteko, gaur itxi duten Etxealdiako zubia eraistera doaz. Berria eraiki artean, Txaramunto parean egokitu duten pasabide alternatiboa erabili beharko da.

Aldaketa eguna gaurkoa, mugikortasunari dagokionean. Izan ere, tren geltoki berriko lanak tarteko, astelehen goiz honetan itxi egin dute Etxealdiako zubia. Hamarrak pasatxoan igaro dira azken ibiltariak bertatik, orduantxe itxi dute eta pasabide hau. Zubi hau eraitsi egingo dute, berri bat eraikitzeko. Egungoaren antza gutxi izango du berriak. Izan ere, egungoa ez bezala, etorkizunean eraikiko duten zubia trenbide gainetik igaroko da eta modu horretan, Atallu eta Santuenea ingurua Kaxkoarekin lotzen zuen tren pasabide arriskutsua ezabatu egingo da. Horrekin batera, irisgarritasuna bermatuko du altuera handiagoa izango duen zubiak. Eskilarez gain, igogailu bidez heldu ahalko gara tren geltoki berrira.

Pasabide berria zabalik
Zubi berri hau eraiki artean, pasabide alternatibo bat erabili ahalko da, hain zuzen, astelehen goiz honetan zabaldu dutena. Txaramunto paretik tren geltokira jaitsi nahiz alderantzizko bidea egitea ahalbidetuko duena. Etxealdiakoaren antzera, eskilarak nahiz pasabide laua ditu N634 errepidea gainetik zeharkatuko duen behin-behineko zubi honek. Bizikletekin eta patineteekin doazenek, gainerakoen antzera, oinez zeharkatu beharko dute pasabide alternatibo hau.

Euskal Trenbide Sareak Udalari jakinarazi dionez, "hamar hilabetez egongo da martxan behin-behineko zubia. Tarte horretan, zubi zaharra eraitsi eta berria eraikiko du. Proiektuaren arabera, zubi berriak N634 errepidea ez ezik trenbidea ere gaindituko du, eta, beraz, gaur egungo puntu beltza desagerraraziko da horri esker".

Segidan dituzuen irudiotan, Etxealdiko zubiari azken aldiz ateratako argazkiak, pasabide berrikoak eta baita tren geltokian egiten ari diren lanak zertan diren egun: