#E9

Ostegunera arte eskatu ahalko da posta bidez bozkatzea

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 28a, 08:21

Maiatzaren 30era arteko epea izango du, ekainaren 9ko Europako Parlamentuko hauteskundeetan modalitate horretan parte hartu nahi duenak eskabidea aurkezteko.

Gogoan izan, posta bidez botoa ematea eskatzeko epealdia, maiatzaren 30era artekoa izango da. Modu honetan, bozkatzea erabakitzen dutenak, maiatzaren 20tik aurrera hasiko dira dokumentazioa jasotzen. Jaso ahala, botoa emateko aukera izango dute tramitazio hau egoki bideratu dutenek. Berez, ekainaren 5era arteko tartea zehaztu zuten botoa modu horretan emateko. Baina Hauteskunde Batzorde Zentralak epealdi hau egun bat luzatzea erabaki du, hilaren 6ra arte, beraz.

Ekitaldia
Kanpaina hasi berritan kartelak itsastearekin batera, Palestinaren aldeko mosaikoa eta herri argazkia atera zuten iragan larunbatean. Honako hauek izan dira ekainaren 9ko Europako Parlamentua berritzeko hauteskunde kanpaina honetan Usurbilgo EHBilduk egindako lehen ekitaldiak. Datorren asterako deitu dute hurrengo hitzordua; ekainaren 5erako. Solasaldia iragarri dute arratsaldeko 19:00etan Sutegi atariko plazatxoan. EHBilduko nazioarteko taldeko kide Aimar Etxeberria ariko da hizlari lanetan.

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzaren 30era arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko aukera.
-Maiatzak 20-ekainak 2: posta bidez botoa ematea eskatu dutenek beharrezko dokumentazioa jasoko dute.
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.