Egurrezko ontzietan ondutako sagardoen Euskal Herriko seigarren txapelketa iragarri dute Alkartasuna Kooperatibak eta Sagardoaren Unibertsitateak. Usurbilgo Udalak, Aginagako Eliza Zaharra Elkarguneak eta Euskal Sagardoak lagunduko dute ekimena.
Aipatzekoa, laguntzaileen artean, Eliza Zaharra Elkargunea. Izan ere, aurreko edizioak Usurbilgo frontoian ospatu izan dira. Seigarrenak eskenatoki aldaketa dakar; Aginagako Eliza Zaharrean egingo da, datorren ekainaren 9an, igandearekin. "Ekarri zure sagardoa eta parte hartu", egin dute gonbita antolatzaileek. Ekimenean izen-emateko epea zabaldu dute. Parte hartu nahi duenak maiatzaren 31ko arratsaldeko 19:00ak baino lehen, zortzi sagardo botila eraman beharko ditu sagardogile bakoitzak, "denak kalitate berekoak", antolatzaileek ohartarazi dutenez, Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibara.
Kalitatezko produktuei gorazarre
Maider Larrañaga sommelierra (Arteaga, Arrasate), Dani Corman (Basque Culinary Center, Donostia) eta Irati Amondarain enologoa (Andoain) arituko dira epaile lanetan. Txapelketaren nondik norakoak aurkezteko gaur Zubietako Iruin sagardotegian antolatzaileek egin duten agerraldian, Larrañagak goraipatu nahi izan du "zer kalitatea ederreko produktuak ditugun eta noraino ahal garen heldu azpimarratzea garrantzitsua dela iruditzen zait". Egurrezko ontzietan bildutako sagardoaren berezitasunak nabarmendu ditu, haren kalitatea. Bere egitekoa izango da, gainerako kideekin batera, ekainaren 9ko txapelketan epaile lana egitea.
Hiru sari
Txapelketara aurkezturiko sagardogileak ekainaren 9an Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean iragarritako "dastaketan parte hartu beharko du".
Hiru sari izango dira jokoan, antolatzaileek berri eman dutenez: 1.000 euroko "Herriko Etxea Saria", 450 euroko bigarren saria eta 100 euro hirugarren sarituarentzat. Antolakuntzak ohartarazi duenez, "saria jasotzeko unean eskuratzen duen sagardogilea bertan izango da; bestela, hurrengoari emango zaio".
Txapelketa honi buruzko argibide gehiago, bideotatik jaso ahalko da:
sagardoa@ni.eus
630 938 027
alkartasuna.eus