Buruntzaldea

Gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita bikoitza

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 12:31

Buruntzaldeko udalek, tartean Usurbilgoak, 18 urte bete dituzten herrikideei gutun bidez gidabaimena euskaraz ateratzeko gonbita helarazi diete.

18 urte bete berritan edo segidan datozen urteetan gazte askoren hautua izaten da gidabaimena eskuratzea. Ohi bezala, garai honetan egiten duten moduan, Buruntzaldeko sei udalek, hau da, Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgoek euskaraz ateratzeko deia egin dute. Horretarako, aurten 18 urte beteko dituztenei gutun bidez helarazi diete aipatu gonbita. Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez, egunotan ari dira jasotzen gutun hau.

Alor hau euskalduntzen eta hizkuntza honen erabilera sustatzen dihardute aipatu eskualde honetako sei udalek egitasmo honetan parte hartzen dabiltzan autoeskolekin batera 2010. urteaz geroztik. Gogoan izan, euskararen hautua egiten dutenen artean, hau da, gidabaimena euskaraz egitea erabakitzen dutenen artean 400 euroko 10 sari zozketatuko dituzte hurrengo urtean. Udaletik jakitera eman dutenez, "ekainaren 14an zozketatuko dira 2023ko sariak Usurbilen, urte horretan gidabaimena euskaraz atera zutenen artean; 8 sari guztira", iragarri dute.

"Gidabaimenak euskaraz"
Gidabaimena euskaraz ateratzeko kanpaina honek, gainera, berrikuntzarik badakar aurtengoan. "Gidabaimenak euskaraz egitasmoa jarri du martxan Euskadiko Autoeskolen Federakuntzak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Egitasmoan gidabaimenen atal teorikoa euskaraz prestatu eta egin ahal izateko aukera ematen du, eskuliburu teorikoetatik hasi eta azterketa egiteraino. Ikasleak nahi duenean eta nahi duen tokian ikasteko aukera izango du: mugikor zein ordenagailu bidez egin daitezkeen testak, eskuliburu digitalak izango ditu, azalpen bideoak…". Horretarako,  "eskuliburuak erabiltzeko eta deskargatzeko proiektuarekin bat egin duen autoeskolaren batean izena emanda egon behar du ikasleak. Ikasleak berak aukeratzen duen autoeskolak emango dio sarbiderako erabiltzailea eta pasahitza".

Eskualdean egitasmo honekin bat egin duten autoeskola hauetan eman daiteke izena:
-Andoainen: Bengoetxea eta Vallina Cap.
-Hernanin: Hernani, Lagunak eta Otamendi.
-Lasarte-Orian: Mugica eta Vallina Cap.
-Urnietan: Solozabal.
-Usurbilen: Solozabal.