Aurrerapauso nabarmenak eman ditu azken hilabeteetan Gidabaimenak Euskaraz ekimenak. Otsailean hasi ziren eskuliburu berrituak banatzen, eta egindako lana Euskal Herriko autoeskola askotara helarazi dute. Material berriak dagoeneko eman ditu fruituak, eta prozesu horretako katebegi guztiak elkartu dira ondorengo elkarrizketan: Iñaki Aizpurua, Gidabaimenak Euskaraz ekimeneko arduraduna; Jon Howick, atal teorikoa euskaraz atera berri duen gaztea; Haritz Eizagirre, Usurbilgo Solozabal autoeskolako irakaslea; eta Ander Moron, Usurbilgo euskara teknikaria.
Aurrerapauso handiak eman ditu azken hilabeteetan Gidabaimenak Euskaraz ekimenak. Zein puntutan dago orain?
Iñaki Aizpurua: Duela zortzi hilabete sinatu genuen hitzarmen berria, eta egindako lanaren zabalkunde fasean gaude orain. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako autoeskola guztietatik ari gara pasatzen, eta bertako langileei erakusten diegu momentu honetan eskuragarri daukagun materiala. Webgunea ere berritu dugu, eta autoeskolei eskaintzen diegu aukera bertan jarri ditugun testak eta bestelako materiala erabiltzeko.
Autoeskola guztietan dago atal teorikoa euskaraz egiteko aukera?
I.A.: Gidabaimenak Euskaraz webgunean ikusgai dago euskarazko eskaintza duten autoeskolan mapa, 120 inguru dira. Haiengana joaten garenean badaude itsu-itsuan onartzen dutenak, baina beste batzuk ez dira lehenengoan animatzen. Guretzat garrantzitsua da gidabaimena euskaraz atera nahi duten ikasleek jakitea euren herriko edo inguruko zein autoes- koletan daukaten aukera.
Jon, zu zara material berriarekin gidabaimena euskaraz atera duen lehenengo pertsona. Zergatik hautatu zenuen euskaraz egitea?
Jon Howick: Aukerarik logikoena iruditzen zitzaidan. Herriko jendearekin, lagunekin eta klasekideekin betidanik hitz egin dut euskaraz. Hortaz, gidabaimena ere euskaraz ateratzea zen naturalena niretzat.
Zer moduzkoa izan da esperientzia?
J.H.: Hizkuntzari dagokionez ez dut arazorik izan. Tarteka bazeuden ezagutzen edo ulertzen ez nituen hitzak, baina irakasleari galdetuta edo pixka bat irakurrita erraz argitu ditut zalantza guztiak.
Usurbilen sei ikaslek atera dute teorikoa euskaraz material berriarekin. Asko aldatzen da zure lan egiteko modua, Haritz?
Haritz Eizagirre: Ez, lana ez da asko aldatzen. Hitz bat lehenengo aldiz entzutean baliteke harridura pixka bat sortzea, baina hori euskaraz zein gazteleraz gertatzen da. Bertan ikusi duguna da gazte euskaldunek ez dakitela gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera dagoela, eta hori ezagutaraztea tokatzen zaigu guri. Gainera, plataforma berrian informazio guztia eguneratuta dago, materiala ondo osatu dute, eta iruditzen zait ez dagoela motiborik teorikoa gazteleraz egiteko. Plataforma zaharrarekin gertatu izan zaigu ikasle bat euskaraz hasi eta gaztelerara aldatzea, orain jada ez da gertatzen.
Aldakorra da legeen mundua. Webgunea eguneratuta mantentzeak lan handia eskatzen du, ezta?
I.A.: Bai. Guk beti esaten dugu proiektu hau bizirik dagoela. Egunero gaude berritasunei adi; taldean adituak eta autoeskoletako irakasleak dauz- kagu, eta galderak zein informazioa aldiro berrikusten dugu. Oso garrantzitsua da autoeskolekin dugun harremana zuzena izatea, bertan lanean dabiltzanak ohartzen direlako zeintzuk diren ikasleen zailtasunak, eta iritzi horien arabera egiten ditugu hobekuntzak.
H.E.: Hori da. Materialari buruzko edozein arazo helarazten diegu. Argazki bat kargatzen ez bada edo itzulpen bat ez bada egokiena, esan egiten diegu. Oso harreman zuzena daukagu.
I.A.: Gure lana ez da liburuak autoeskola batean utzi eta hurrengora joatea, bakoitzaren ekarpena kontuan hartzen dugu. Azterketei buruz galdetzeko ere deitzeko ohitura daukat, datuak eta emaitzak zeintzuk izaten ari diren jakiteko.
Ikasleek euskararen aldeko hautua egiteko giltzarrietako bat da autoeskolako irakaslea, ezta?
H.E.: Bai, eta aukera hori badagoela ezagutarazten saiatzen gara. Ikasleak galduta iritsi ohi dira autoeskolara, eta gure ardura da adieraztea baduela gidabaimena euskaraz ateratzeko aukera, udalerri euskaldunetan batez ere. Nik gazteleraz atera nuen karneta, euskaraz egingo nukeen, baina ez nekien aukera bazegoenik ere. Horregatik da garrantzitsua hori azaltzea, jendeak jakin dezan euskarazko material oso egokia daukagula.
I.A.: Gertatzen zaiguna da herri oso euskaldunetako autoeskola batzuetan harrera egiten duen pertsonak ez dakiela euskaraz. Orduan, haiek esaten digute ez zaiela gure proiektua interesatzen. Hala ere, irakasleak euskaraz ez jakiteak ez du esan nahi herriko ikasleek ez dutenik aukera hori izan behar. Plataforma berriarekin atal teorikoa oso indartuta geratu da, baina praktikoan lan asko dago egiteko.
I.A.: Aztertzaileetan dago gabezia. Autoeskola askotan irakasleak ondo hitz egiten du euskaraz, eta normalean hala ematen dituzte klaseak. Hala ere, azterketaren egunean agindu guztiak gazteleraz jasoko dituztenez, argibide horiek gazteleraz esaten dituzte. Bide horretan urratsak ematea falta da, irakasleen zein aztertzaileen aldetik.
Solozabalen nola egiten duzue?
H.E.: Iñakik aipatu duen moduan; klasean zehar euskaraz egiten dugu, baina azterketarako prestatzen ari garenean, edo azterketaren simulazioa egiten dugunean, gaztelerara pasatzen gara. Azterketa ahalik eta ondoen irudikatzea da asmoa, eta hiztegia oso oinarrizkoa izan arren, horixe lantzen dugu.
J.H.: Hasieratik esan ziguten azterketa praktikoa gazteleraz egin behar genuela, eta horregatik jasoko genituela argibide zehatzak gazteleraz. Nik hasieran ulertzeko zailtasun pixka bat izan nuen, baina segituan ohitu nintzen egoera horretara.
Kotxeko karnetaz hitz egin dugu orain arte, baina beste gidabaimen batzuk ere atera daitezke euskaraz, ezta?
I.A.: Bai, bai. Zikomotorraren AM baimena, motorren A1 eta A2 baimenak, eta autoaren B baimena ateratzeko materiala dago eskuragarri. Gainera, une honetan atoiaren baimena ateratzeko materialaren itzulpena amaitzen ari gara. Hori egin ondoren etorriko dira kamioiaren C1 eta C baimenak, eta autobusaren D1 eta D baimenak. Azkenik, puntukako gidabaimena berreskuratzeko kurtsoa ere euskaratuko dugu. Helburua da abendurako material guztia prest edukitzea.
Prozesu honetan zein izan da Buruntzaldeako udalen rola?
Ander Moron: Buruntzaldeko sei udalak aspalditik aritu dira gidabaimena euskaraz ateratzeko sustatzaile lanetan. Autoeskolekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Trafiko Zuzendaritzarekin elkartu izan gara, eta hizkuntzaren gaia aintzat hartzeko eskatu izan dugu. 400 euroko saria ere sortu genuen gidabaimena euskaraz ateratzeko pizgarri modura. Gazte askok hori ere kontuan hartuko zuten hautaketa egiteko garaian. Txikitasunetik eragiten saiatu gara Buruntzaldetik; UEMAn dauden hiru udalerri dauzkagu, eta anomalia bat da euskaraz bizi, euskaraz ikasi eta esparru honetan gazteleraz jardun behar izatea.
Bestalde, atal praktikoari dagokionez, aipatu dugu aztertzaileekin dagoen arazoa, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak duelako eskumena. Hala ere, aztertzaileak espainiarrak izanagatik, bertako herritarrek badituzte eskubideak, horregatik egoera salagarria dela iruditzen zait. Herritar euskaldun batek duen eskubidea ez du bermatzen berez bermatu beharko lukeen erakunde batek.
Orain emandako pausoa sekulakoa izan da, eta nabarmentzeko modukoa da euskarazko materiala gaztelerazkoa baino egokiagoa dela. Falta dena da prozesu osoa euskaraz egin ahal izatea. Gaur arte ahoz ahokoak eragin handia izan du, txarrerako batzuetan, eta orain da momentua beldur horiek uxatzeko. Gazteen artean zabaldu behar da euskaraz egin duten horiek gustura aritu direla.
Hau guztia esanda, jendeari gomendatuko zeniokete gidabaimena euskaraz ateratzea?
J.H.: Bai, zalantzarik gabe. Prozesua oso naturala da, kalean euskaraz hitz egiten dugun bezalaxe egiten dugu autoeskolan. Ez da zailagoa eta ez dut inolako arazorik izan.