Belaunaldiarteko topaketan elkartu dira estreinakoz Egurtzegin

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 30a, 13:21

Urtean bitan egiten duten belaunaldiarteko topaketan batu dira ostegun goiz honetan, Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian.

Egunerokoa ezohiko bilakatu dute gaurkoan. Izan ere, bada denboraldi bat urtean bitan elkartzen direla eta oraingo topaketa hau, estreinakoz, albiste honi atxikitako irudiotan ageri den Egurtzegin izan dute ostegun honetan, maiatzaren 30ean. Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzunea belaunaldiartekotasunaren elkargunean bilakatu dute gaurkoan.

Bertan topo egin dute, Usurbilgo Udalak, Zumarte Musika Eskolako kideak batetik; instrumentu ezberdinetan trebatzen ari diren ikasleak eta haien irakasleak. Bestetik, Eguneko Arretako, Eguneko Zentroko eta Egurtzegiko zenbait bizilagun.

Urtean bitan elkartu ohi dira, eguberrien atarian eta uda aurretik. Orain arte, Zumarteko ganbaran elkartu izan dira, lehen, garai batean, Puntapax eguneko zentroan egiten zuen ekimen hau. Gaur, estreinakoz Egurtzegin elkartu dira. Musikak eta kantuak elkartu ditu belaunaldiok. Bakoitzak dakien horretatik egin du ekarpena. Kanta ezagunei musika jarri die Zumartek, ahotsa, aldiz, Egurtzegiko aretoan bildutako bizilagunek nahiz aipaturiko udal zerbitzuetako erabiltzaileek.

Irrintzi eta txalo artean joan da gaur goizeko emanaldia. Aldaketarik ez bada, urte amaieran elkartuko dira berriz, Usurbil zaintzaileagoa bilakatzeko bidean, belaunaldiartekotasuna sustatzea xede duen ekimen honen bueltan.