Aranzadiren udako ikerketa arkeologikoetan izen-ematea ixtear

Noaua Aldizkaria 2024ko mai. 31a, 07:16

Ekainaren 1era arteko epea dute interesdunek Usurbilgo aztarnategietako lanetarako izena emateko.

"Koba, dolmen, herrixka, termagune, gaztelu, ermita eta abarretan erregistratzen den informazioa ezinbestekoa da gure iragana ezagutzeko eta gure ondarea kontserbatzeko", Aranzadi zientzia elkartetik nabarmendu dutenez. Horretarako antolatzen dituzte uda partean urtero ikerketa arkeologikoak. 

"Aranzadiren ikerketa arkeologiko horiek bertako zuzendarien, ikasleen eta bertan inplikatutako pertsona guztien boluntariotza-lanari esker egiten dira. Era berean, udalekin eta aztarnategiak dituzten udalerrietako herritarrekin lankidetzan garatzen dira", azaldu dute zientzia elkartetik. Usurbilgo kasua da. Hemen, hiru aztarnategitan ari dira lanean azken urteotan; Andatza II eta III-an eta Irigainen. Albiste honetan beherago dituzue xehetasunak. 

Aztarnategiotan auzolanean jarduteko interesa dutenek ekainaren 1era arteko epea dute izena emateko. Galdetegi bat bete behar da aranzadi.eus atarian sartuta.
 
"Eskerrak eman nahi ditugu boluntariotza arkeologiko horrengatik; izan ere, horrela izan ezean, proiektuak ezingo lirateke burutu. Era berean, azpimarratzekoak dira hainbat unibertsitaterekiko lankidetzak eta Nafarroako Gobernuaren eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien laguntzak", goraipatu dute Aranzaditik.


Ikerketa arkeologikoak Usurbilen
Andatza II eta III
Zehaztasunak: "Andatza mendia ikertzeko proiektu honetan bi aztarnategi desberdinak industen ari dira: Andatza III Zista eta Andatza II Trikuharria".
Mota: Indusketa arkeologikoa monumentu megalitikoan.
Kronologia: Neolitoa - Burdin Aroa.
Indusketa-datak: Abuztua.
Zuzendaritza: Izaro Quevedo, Manu Ceberio.
Hizkuntza: Elebiduna (gaztelania eta euskara).
Izena emateko prezioa: Doakoa (bazkariak barne).
Leku-kopurua: 5.

Irigain
Zehaztasunak: "Andatza mendia ikertzeko proiektuaren barruan erromatar garaiko aztarnategi honetan dabiltza lanean".
Mota: Aire zabaleko aztarnategia.
Kronologia: Erromatar garaia
Jarduera-datak: Iraila.
Zuzendaritza: Manu Ceberio, Izaro Quevedo. 
Hizkuntza: Elebitan (gaztelera eta euskara).
Izena emateko prezioa: doakoa (bazkariak barne).
Leku kopurua: 5.

Izen-emateko epea: ekainak 1.
Izen-emateko galdetegia eta informazio gehiago: aranzadi.eus

Antolatzailea: Aranzadi zientzia elkartea.
Laguntzaileak: Usurbilgo Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia.