Aitzaga K.E., 30 urte

Abestu eta errezitatu egin diote Aitzaga omenduari

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 1a, 16:10

30 urteotako Aitzaga omendu dute eguerdian, gaurko urtemuga jaialdi honen hasieran. Urtebetetze borobilera heldutako elkarteari abestu eta errezitatu diote.








Aitzaga oroitu, omentzeko tartea hartu dute eguerdian, 30. urtemuga jaialdi egun honi hasiera emateko ekitaldian. Belaunaldi ezberdinetako Aitzaga kide ezberdinen ahotik, hiru hamarkada hauen ibilbideko hainbat mugarri, bizipen, une gogor eta gozoak oroitu dituzte, jaialdi egun honetan proiektatu duten ikus-entzunezkoan.

Elkartzeko beharrak bultzaturiko sorrera, irekiera eguna eta haren osteko polizia operazio latza ekarri dute gogora.

Ez da izan 30 urteotan Aitzagak bizitako une gogor bakarra. Izan ere, 2006ko otsailean sei urtez itxi egin baitzuten Espainiako Auziegi Nazionalaren aginduz, Euskal Herriko beste hainbat herriko taberna eta elkarteekin batera. Proiekzioko lekukotzetako batek oroitu duen moduan, Usurbilgoa izan zen Euskal Herrian denbora gehien itxita eduki zena. Urte haietan bizitakoa, herriak emandako babesa eta erantzuna ekarri dute gogora eta nola biziberritu duten azken urteotan, gazte belaunaldi inplikatu baten eskutik.

Argi zioten, "ezin da ulertu Usurbil Aitzaga gabe" eta alderantziz. Aitzaga zer den galdetuta, kideek emandako erantzunen artean; Aitzaga etxea dela, babesgunea baita elkargunea ere, gertukoa, euskalduna, "komunitate baten parte egiten zaituena".


"Herria aldatu, mundua konpondu, hori zuen amets"
Abestu eta errezitatu egin diote hiru hamarkadetako ibilbidea osatu duen herriko elkarteari. "Zenbat pauso, eta zenbat begirada, sekretupeko hitzordu andana" zioen, egun berezi honetarako sortu duten abestiak. Albiste honetako bideoetako batean duzue entzungai. Aitzaga "hamaika borrokaren aterpe eta elkargune" izan dela oroitarazi dute, auzolanaren ikur. 

Hainbat bizipen gordetzen ditu Irazu kaleko kultur elkarteak, "Aitzagako horma sendoen artean", usurbildar gazteek gogotsu kantatu duten moduan. Kantak Aitzaga kideak ere gogoan hartu eta eskertu nahi izan ditu; "lehen urratsetik azkenetaraino" herri egitasmo honen parte izan direnak. 

30 urteotako ibilbide emankorra izan du hizpide baita, Aitzagari eskaini dioten errezitaldi laburrak. "Herria aldatu, mundua konpondu, hori zuen amets". Segidan duzuen bideoan entzun eta ikus dezakezue.