Aitzaga K.E., 30 urte

"Milesker, 30 urte hauetan proiektuaren parte izan zareten guztioi"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 1a, 16:24

"30 urtez hegaldian". Hala dio Usurbil gaur ospatzen ari den Aitzagaren urtemugarako sortu duten leloak. Larunbat honetako jaialdi honi hasiera eman dion ekitaldiko oholtza gainean izan dute, baita soinean ere kultur elkarte honetako kideek. Hiru hamarkada hauen hegaldiaz mintzatu dira hain zuzen, Aitzagako kideek plazaratu duten adierazpenean. 

Beste ezer baino lehen eskerrak helarazi nahi izan dizkiete, "gaurkoan Usurbilgo plazan, Aitzaga aurrean elkartu zareten guztioi, ospakizun egun hau hilabeteetan zehar antolatzen ibili zareten guztioi eta eguna bera aurrera ateratzeko konpromisoz lan ezberdinak egiten zabiltzaten eta ibiliko zareten guztioi. Denok batera egin dugu hau posible".

Eskertza baita egitasmo honen kideei ere. "Bihotz-bihotzetik milesker, 30 urte hauetan proiektuaren parte zareten guztioi. Proiektu hau aurrera ateratzen bere aletxoa jarri duzuen orori eta bereziki, 30 urte hauetan bazkide izan eta jada gure artean ez ditugunei. Zuena da gaurko jaialdia!".

"Herria egitea, Usurbil egitea" xede
"Herritarrentzako biltokia eta ezker abertzaleko komunitatearentzat arnasgune izatea xede hartuta" abiarazi zuten herri egitasmo hau duela 30 urte. Ordutik, "proiektu zabala, irekia, ezkerrekoa, abertzalea, feminista eta euskalduna izateko norabidean nahiko lan eta izerdiren ondorio da gaur egun daukagun harribitxia".

Urte hauetan guztietan, "zer ez dugu egin Aitzagan?" galdetu dute. Izan ere, "hasiera indartsua izan zuen proiektuak. Urteetako prozesu, auzolan eta bazkideen konpromisoari esker jaio zen 1994an eta hasieratik herriarentzat erreferentziazko leku bilakatu zen. Afariak, bilerak, hitzaldiak, tabernako solasaldiak, poteoak, kultur eskaintza ezberdinak, harremanak, eztabaidak, lagunak, parrandak...  Baina beti-beti, xede bera oinarri, herria egitea, Usurbil egitea". Horregatik, ziotenez, "Usurbil ezin dugu ulertu Aitzaga gabe".

"Inoiz ez duzue proiektua gelditzerik lortu"
Une gogor bat baino gehiago, garaian garaiko testuinguru politikoaren islada argia izan da eta garai latzik jasan behar izan du Aitzagak ere. "Zoritxarrez, izan ditugu une gogorrak. Jasan behar izan genituen ilegalizazioak eta sei urteetan lokala itxita egon behar izan genuen. Gehienok oroituko duzue 2006an, otsaila ilun hura. Baltasar Garzonen agindupean eta 35/02 sumarioren baitan, elkartea itxi ziguten egun hura".

18 urte beranduago, oroimen egun honetan, "Aitzaga itxi ziguten horientzat mezu bat dugu gaur Aitzaga aurretik eta Usurbilgo plazatik, emateko", adierazi dute elkarteko kideek. "Itxi zeniguten elkartea, konfiskatu zeniguten genuena, eraman gintuzuen Auzitegi Nazionalera, baina inoiz ez duzue proiektua gelditzerik lortu eta ez duzue herriaren nahia suntsitu. Eta zuen baliabide guztiekin etorrita ere ez duzue lortuko". 

"Goazen denok egunaz gozatzera"
2024ra etorrita, "elkartea osasuntsu" dagoela jakinarazi dute. "Esan dezakegu, herriarentzat Aitzagak erreferentziazko gune izaten jarraitzen duela. Esan dezakegu, geroz eta jende gehiago ari dela aktibatzen proiektu honen parte izatera. Esan dezakegu, belaunaldi berriek Aitzagarekiko atxikimendu handia dutela. Finean, esan dezakegu, elkarteak etorkizuna duela, badituela printzipioak, badugula norabidea eta badugula proiektua".

Etorkizunari heldu aurretik, geldialdia egingo dute gaur, ospatzeko. "Gaur, ospatzeko egun bat dugu aurretik. Ibilbide bat ospatzeko eguna, 30. urteurrena ospatzeko eguna eta batez ere etorkizuna ospatzeko eguna. Horregatik, denok batera, giro ederrean eta elkarri irribarre bat eginez, goazen denok egunaz gozatzera", egin dute gonbita.