"Datorren hilabetean ere aldarriak gizarteratzen jarraituko dugu"

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 1a, 09:11

Hamar urte betetzear dituen Sarek, bi ekimen iragarri ditu hasi berri dugun hilabete honetarako.

"Ari gara etxera bidea errealitate bihurtzeko pausoak ematen ari gara. Baina badakigu etxera bidean oraindik ere asko dugula egiteko eta orain arteko bideari jarraituz datorren hilabetean ere aldarriak gizarteratzen jarraituko dugu". Hala iragarri du Usurbilgo Sarek, maiatzeko ostiral honetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea galdegindako Mikel Laboa plazan egindako mobilizazioan.

"Hamar urteotan Sareren ibilbidearen parte izan zareten guztioi luzatzen dizuegu ekainean aurreikusiak ditugun ekimen eta dinamiketara gerturatu eta parte hartzeko gonbita. Gu guztion lana behar beharrezkoa izan da duela hamar urte jarritako helburu batzuk betetzeko eta behar beharrezko izango gara gaur gaurkoz ditugun helburuak betetzeko", egin dute gonbita.

Izan ere, Sareren esanetan, "guztion artean lortuko dugu euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari aterabide osoa ematea".

Lasterbidean, 10 urte
Bi ekimen iragarri ditu Usurbilgo Sarek estreinatu berri dugun urteko seigarren hilabete honetarako, bete dituen hamar urteen harira. Batetik, "Sareren bideari hasiera eman zion San Telmoko ekitaldia gaurkotu asmoz 10 urteko ibilbidearen ondoren, egindako bidearen balantzea egin eta emaniko urratsak balioan jartzeko ekitaldia burutuko du Sare Herritarrak ekainaren 23an San Telmon bertan".

Astebete lehenago, Lasterbidean lasterketaren 10. edizioa antolatu du. Urtemuga berezi honen harira, asteburu pasa iragarri dute ekainaren 14 eta 15erako Abadiñon (Bizkaia). "Horretarako, lantalde oso bat buru-belarri dabil lanean, asteburu borobila izan dadin eta euskal preso eta iheslari guztiek herriaren maitasuna senti dezaten", adierazi dute antolakuntzatik. Bertan, besteak beste, lasterketa egiteaz gain, Anje Duhalderi zuzenduriko esker oneko jaialdia iragarri dute, hain zuzen, Sare Herritarra jendaurrean aurkeztu zenetik hamar urte beteko diren egun berean. Honatx kartela, bideoklipa eta abestia: