#E9

Europako hauteskundeei lotutako bi deialdi

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 3a, 10:23

Usurbilgo EHBilduk hauteskunde kanpainari lotutako solasaldia deitu du asteazkenerako. Biharamunean amaituko da, bestalde, posta bidez bozkatzeko epea.

Momentuz, azken urte honetako hauteskunde zikloaren amaierara begirara gara. Iazko maiatzetik izan dugun laugarren eta azken bozketa eguna izango da datorren igandekoa, ekainaren 9koa; Europako parlamentua berritzeko deialdia.

Bozketa egun horri begira, maiatzaren 24an hasitako hauteskunde kanpainaren azken astean sartu gara. Tarte honi lotutako ekitaldia deitu du Usurbilgo EHBilduk etzirako, ekainaren 5erako. Kanpaina hasi berritan kartelak itsastearekin batera, Palestinaren aldeko mosaikoa eta herri argazkia atera zuten. Honako hori izan zen ekainaren 9ko Europako Parlamentua berritzeko hauteskunde kanpaina honetan Usurbilgo EHBilduk egindako lehen ekitaldia. Hilaren 5erako deitu dute hurrengo hitzordua, aipatu moduan. Solasaldia iragarri dute arratsaldeko 19:00etan Sutegi atariko plazatxoan. EHBilduko nazioarteko taldeko kide Aimar Etxeberria ariko da hizlari lanetan.

Posta bidezko bozka
Gogoan izan, bestalde, maiatzaren 30a baino lehen posta bidez bozkatzea eskatua dutenek, horretarako beharrezko dokumentazioa jaso ahala botoa emateko azken egunak dituztela. Izan ere, ekainaren 6an itxiko dute epealdi hau.

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.