2. Etumeta literatura lehiaketaren sari banaketa etzi

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 3a, 08:03

Otsailetik apirilera Etumeta AEK euskaltegiak antolaturiko txapelketara aurkezturiko lanen artean sarituak zeintzuk izan diren ezagutzeko aukera izango da ekainaren 5ean Txiribogan. Bestalde, zabalik du AEK-k 2024-25 ikasturterako aurrematrikulazio epea.

Aurreko hilabeteetan finkaturiko epealdiaren baitan aurkeztutako idazlanak saritzeko ordua heldu da. Datorren ekainaren 5ean banatuko dituzte 2. Etumeta literatura lehiaketako sariak, iaz bezala, Etumeta AEK euskaltegiak arratsaldeko 18:00etan Txiribogan antolaturiko ekitaldian. “Bertan 2. edizioaren irabazlea zein den jakingo da. Bi aipamen ere izango dira, eta horien izenak ere bertan ezagutuko dira. Parte hartzaile guztiak, noski, gonbidatuta daude bertara, baita gainerako herritarrak ere”.

Aurrematrikulazioa AEKn
Etumeta AEK-tik jakinarazi duenez, bestalde, zabalik da 2024-25 ikasturteko aurrematrikula epea, ekainaren 28ra arte.

Euskaltegitik ohartarazi dutenez, “izena orain emanez gero, hainbat abantaila izango dituzu: ikasturte honetako prezioari eutsi, ordainketa malguagoa, ohiko ordainketa epeei beste epe bat gehituta eta lehentasuna taldeak eratzerako orduan”. Horrez gain, “ikastaroa ez egitea erabakitzen baduzu, aurrematrikularen %100 itzuliko dizugu ikastaroa hasi baino lehen jakinaraziz gero. Behin ikastaroa hasita, matrikula itzultzeko ohiko baldintzak aplikatuko dira”. Aurrematrikula bideratu nahi dutenek, online egin dezakete aek.eus/aurrematrikula/ atarian. “Datorren ikasturtean euskara ikasteko asmoa baduzu, ez itxaron!”, egin dute gonbita Usurbilgo AEK-tik. Gogoan izan, ohiko bideotatik jaso dezakezue informazio gehiago:
blogak.eus/etumeta-euskaltegia-aek
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es