Usurbilgo jaiak

Festetako zikiro janerako nahiz haurren ekintzetarako izen-emateko garaia

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 4a, 10:28

Usurbilgo jaietarako zenbait hitzorduetarako izena eman beharko da aurrez. 

Badator uda eta harekin festa giroa. Inguruotako jaien denboraldiari Kalezarren ekingo zaio San Juan jaiekin. Lau egunez luzatuko dira; ekainaren 21ean hasi eta hilaren 24an amaituko dira aurtengoak. Gero, Usurbilgoek hartuko diete lekukoa; ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira.

Xehetasun gehiago, hurrengo asteotan emango dizkizuegu. Baina adi, Usurbilgo festei dagokienean, hainbat ekintzetan izen-emateko garaia duzue.


Zikiro janerako txartelak
Adi, Usurbilgo jaietako hitzordu jendetsuenetako baten oharra segidan. Ekainaren 29an egingo den zikiro-janerako txartelen salmenta hitzordua zehaztu dute antolatzaileek. Iaz bezala, egun bat finkatu dute horretarako. Ekainaren 16an (igandea) 30 eurotan (20 eurotan gazteek eta langabetuek) erosi ahalko dira txartelak eguerdiko 12:30etan Aitzaga elkartean (Askatasuna plaza aldetik sartuta).

Haurren Eguneko ekintzak
Usurbilgo jaien berri Udalak hilabete amaieran etxez etxe banatuko duen egitarauaren bidez jasoko dugu. Bertan, besteak beste, Haurren Eguneko ekintzei buruzko xehetasunak emango dira. Umeen Eguna uztailaren 1ean izango da aurten, astelehenez.

Egun horren antolaketaz arduratzen diren gurasoak prestaketa lanean dira hilabeteotan. Iragarri dutenez, egun horretako ginkanan (LH 1-4 artekoentzat) eta erronkan (LH5-DBH2 artekoentzat) izena emateko epea zabaldu dute ekainaren 19ra arte. Ikastetxeko orrialdean eman ahalko da izena. Bertan izen-abizenak eta ikasmaila zehaztu beharko dira. Bestela, e-posta helbide honetara idatzita eman dezakezue izena: umeen.eguna@gmail.com. Antolakuntzatik ohartarazi dutenez, uztailaren 1ean, Erronkan parte hartuko dutenek aldatzeko arropa eraman beharko dute.

Jaien aurkezpena
Estreinakoz, Jai Batzordeak ekainaren 27tik uztailaren 2ra ospatuko diren herriko jaiak aurkezteko agerraldi herrikoia iragarri du ekainaren 17an, 18:00etan Mikel Laboa plazan.