#E9

EHBilduk antolaturiko hauteskunde kanpainako solasaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 5a, 08:27

Usurbilgo EHBilduk hauteskunde kanpainari lotutako solasaldia deitu du gaurko Sutegi atarian, datorren igandeko Europako hauteskundeen testuinguruan.

Maiatzaren 24an hasitako hauteskunde kanpainaren azken astean sartu gara. Tarte honi lotutako ekitaldia deitu du Usurbilgo EHBilduk gaurko, ekainaren 5erako. Kanpaina hasi berritan kartelak itsastearekin batera, Palestinaren aldeko mosaikoa eta herri argazkia atera zuten. Honako hori izan zen ekainaren 9ko Europako Parlamentua berritzeko hauteskunde kanpaina honetan Usurbilgo EHBilduk egindako lehen ekitaldia. Asteazken honetarako, hilaren 5erako deitu dute hurrengo hitzordua, aipatu moduan. Solasaldia iragarri dute arratsaldeko 19:00etan Sutegi atariko plazatxoan. EHBilduko nazioarteko taldeko kide Aimar Etxeberria ariko da hizlari lanetan.

Posta bidezko bozka
Gogoan izan, bestalde, maiatzaren 30a baino lehen posta bidez bozkatzea eskatua dutenek, horretarako beharrezko dokumentazioa jaso ahala botoa emateko azken egunak dituztela. Izan ere, ekainaren 6an itxiko dute epealdi hau.

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, jada martxan dagoen https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.