Hondakinen kudeaketarekin egin ohi duen moduan, ur hornidurari buruzko datuak argitaratzen hasi da Usurbilgo Udala eta jakitera eman duenez, aurrerantzean, urtero zenbakion berri ematen segiko du. Egunotan plazaraturikoak, iazkoak, 2023. urteari dagozkionak dituzue. Txosten osoa usurbil.eus atarian kontsulta dezakezue.
Batetik, 2013. urteaz geroztik azken hamarkadan herri honek izandako ur kontsumoari buruzko datuen bilakaeraren berri eman du Udalak taula eta grafiken bidez:
Datuoi erreparatuta, argi ikus dezakezuenez 2013-2017 artean goia jo ostean, 2018. urtetik aurrera murrizten joan da. Aldiz, azken bi urteotan goranzko bidean doa berriz ere ur kontsumoa Usurbilen. Hala, 2015ean ia 839.000 metro kubiko ur erabili ostean, 2021ean 597.000 metro kubikora murriztu zen ur kontsumoa udalerri honetan. Ordutik, berriz ere gehitu egin da kopuru hau; 2022an, 627.713 metro kubiko izan ziren, iaz 690.862 metro kubiko.
Urte berezia
Txostenean zehar, ur kontsumo honen kopurua jatorriaren arabera xehatua ageri zaizue. Zenbatekoak izan diren kontsumo honen harira Udalak izandako diru-sarrerak eta gastuak. Bada ordea, nabarmendu beharreko beste datu bat. Izan ere, dakizuenez, maiatzaren 20az geroztik nabarmen zabaldu da Andatzatik behera Erroizpera datorren ur horniduraren hedapena. Astelehen hartatik, herriko etxebizitzen %62 inguru hornitzen ari da. Aldaketa hau ordea ez dago Udalaren iazko txostenean jasoa. Izan ere, "2023a urte berezia
izan da urari dagokionez, filtrazio sisteman berrikuntzak egin baitira, eta horrek bere isla izan du
datuetan ere. Esaterako, obrak egin bitartean, Añarbeko ura banatu da etxebizitza guztietan:
urtearen amaierako datuen arabera, 2023an uraren %82 Añarbeko Mankomunitatetik hornitu
da, eta %18, Erroizpetik".
Aurrerago argitaratuko ditu aurtengo datuak. Horiek bai, "bestelakoak izatea espero du udalak: izan ere, urte hasieratik Erroizpeko presatik ere hornitzen ari da udala, eta maiatzaren 20az geroztik hornitze eremua zabaldu egin da ia kaxko osora, herriko etxebizitzen %62 inguru Erroizpetik hornituz".