Ekaineko agenda

Ikasturtea agurtu eta uda festa giroan hartzeko hamaika ekimen

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 5a, 11:47

Hitzorduen eskaintza betearekin datorkigu hasi berri dugun ekaina. 

Topera datorkigu ekaina, ohi bezala, ekitaldiz gainezka Usurbilen. Udalak egunotan etxez etxe banaturiko kultur agenda ikusi besterik ez dago, horretaz ohartzeko. 2024. urtea erdibidera heldu den honetan, garai aldaketa hilabetea izaten da ekaina; ikasturtea agurtu eta uda giroan murgiltzen hastekoa. Horren isla dira asteotan izango ditugun hamaika hitzordu.

Zumarte musika eskolak, Orbeldi dantza taldeak, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak, Udarregi ikastolak, Aginagako eskolak... 2023-24 ikasturtea komunitatearekin borobildu nahi dute, ospakizun giroan. Jaialdiak, afariak, erakustaldiak antolatu dituzte datozen asteotarako. 

Festa girorantz
Agurren ondotik, uda garaiari festa giroan egingo diogu harrera; ekainaren 21etik 24ra ospatuko dira Kalezarko festak. Egitaraua plazaratu du jada Jai Batzordeak. Segidan, Usurbilgoek hartuko dute lekukoa; hilaren 28tik uztailaren 2ra. Baina lehenago aurkeztuko dituzte nondik norakoak; estreinakoz, Jai Batzordeak hilaren 17an jendaurrean egingo duen agerraldi bidez hain zuzen.

Ikasturtea agurtu eta uda garaian murgildu arteko trantsizio horretan, bi topaketa iragarri dira; batetik, Gipuzkoako pentsiodunak Sutegin bilduko dira ekainaren 13an, eta egun berean, Altxa Burua Gipuzkoa III. Topaketa egingo dute Udarregi ikastolan. 50 talde baino gehiago dira herrialde mailan, pantailen erabilera egokia sustatu eta hauen erabilera atzeratzea bultzatzen ari diren taldeak. Taldeok ikastolan elkartuko dira hilaren 13an, lau egun lehenago hauteslekua izango den erdiko aretoan hain zuzen.

Izan ere, ekainaren 9an Europako parlamentua berritzeko bozketa eguna izango dugu. Goiza girotzeko, Aginagako Eliza Zaharra Elkargunean, egurrezko ontzien Euskal Herriko 6. sagardo lehiaketa antolatu dute. Arratsalde parterako, gure haurtzaroko garai bateko jolasetan aritu eta euskaraokean kantatzeko aukera eskainiko du Santuenea kultur elkarteak.

Jakin Jardunaldia, 4. Uxue Trail...
Urte garai honetan izaten ditugun beste bi ekimen ere laster egingo dira; batetik, ekainaren 16an, 4. Uxue Trail mendi lasterketa solidarioa (hilaren 14ra arte eman dezakezue izena). Bestetik, UEU-ren 52. udako ikastaroen baitan, Jakin Jardunaldia egingo da hilaren 20an eta 21ean Artzabalen; "gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" izenekoa. Matrikulazio epea zabalik duzue.

Bestalde, Kalezarko Pelaioenean kokaturiko Usurbilgo Emakumeon Etxeak ere zabalik segiko du hurrengo asteotan, hainbat hitzordurekin; besteak beste, "Maitasun kapitala" liburua aurkeztuko du Karmele Jaiok. Emaginek gazteekin "greba feminista orokorra. Eta orain zer?" saioa bideratuko du hilaren 14an.

Azkenik, berriki ospatu duten 30. urtemuga jaialdiaren ondotik, Irulegiko aztarnategira irteera iragarri du Aitzaga elkarteak ekainaren 15erako. Egun berean, herriko tabernak Fockore eta Elektropaporekin musika gaua.

Egunez eguneko hitzorduen berri web orrialde honetako agendan duzue. Sarrerak behar izan edota izena ematea beharrezko duten hitzorduetan tramiteok bideratzeko usurbilkultura.eus plataformara jo beharko duzue.