Osoko bilkura

Kreditu aldaketa hainbat egitasmoetarako

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 6a, 09:11

Kreditu aldaketa baten berri ere eman zuten maiatzaren 30eko osoko bilkuran. 548.700 euro ingurukoa da honako hau; zenbait partida diru gehiagoz hornitzeko baliatuko dute diru kopuru hau, baina baita beste hainbat egitasmo sustatzeko ere. Horietako batzuen aipamena egin zuen udal gobernu taldeak duela astebeteko udalbatzarrean. Lerrootan dituzue xehetasunak.

Udal artxiboa
Itoginak ditu Usurbilgo Udaleko teilatuak. "Konponketa behar du", udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran berri eman zutenez. Ondorioz, teilatu azpian dagoen udal artxibategia Atallun udalak dituen instalakuntzera eramango dute. Uda honetan ekin asmo diete lan hauei. Leku aldaketa hau baliatuko dute, gainera,  udal artxiboa txukundu, eguneratu eta digitalizatzeko.

Lanak amaitutakoan ez da jatorrizko gune honetara itzuliko. Udal gobernu taldetik iragarri dutenez, udal espazioa berrantolatu asmo dute. Horren baitan, zenbait zerbitzu Udalak Barrenkalen duen lokalean kokatuko ditu etorkizunean; hala nola, udaltzaingoa edota gizarte zerbitzuak. Gogoan izan, gizarte zerbitzuen egoitza egun Kale Nagusian kokatua dago. Honenbestez, hutsik geratuko den azken espazio hau baliatu nahi du Udalak udal artxibategia bertan kokatu eta horrez gain, "herritarrei irekitako zerbitzua izateko". 30.000 euro bideratu asmo dituzte egitasmo honetara.

Familia eskuhartzeak
Egitasmo honetara 70.000 euro bideratzeko partida jasoa zuten 2024ko udal aurrekontuetan. "Motz geratu zaigu", ordea, udal gobernu taldetik iragan asteko osoko bilkuran berri eman zutenez. Horregatik, beste 20.000 euro erantsiko dizkiote egitasmo honi. 

Udarregi ikastola
Ikastolan indarrean duten metodologia pedagogikora espazioak egokitzeko hainbat aldaketa egiten ari dira azken urteotan Udarregik Agerialden duen eraikinean. Iaz, solairuetako batean egin zituzten birgaitze lanak. Aurten beste batean egin asmo dituzte. Espazioa Udarregik berak egokituko du, baina udal eraikina izanda, instakuntzari, eraikinari lotutako lanak Udalak egingo ditu. Lanotara 70.000 euro bideratuko dituzte.

Irisgarritasun plana
Beste 18.000 euro bideratuko dituzte Usurbilgo Irisgarritasun Plana eguneratzera. Iragan asteko osoko bilkuran udal gobernu taldetik berri eman zutenez, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bat eskuratu dute eta aipatu plangintza horretara bideratuko dute. Faseka gauzatuko dute.

Kalezarko aldapa
Ugartondoko Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitario paretik Kalezarrera igotzeko aldapa berritzera doaz. 104.000 euro bideratuko dituzte lan hauetara. Lehendik gordeak zituzten 90.000 euroko partidari erantsiko diote.

Diru txertaketa
Hutsik duten udal aurrekontuetako bosgarren kapituluan dirua txertatzeko ere baliatuko du kreditu aldaketa hau udal gobernu taldeak. 80.000 euro sartuko dituzte, xede nagusi batekin; "aurreikusi gabeko bestelako partidak sortuko balira, gastu horiei berehala aurre egiteko".