Osoko bilkura

Etxealdia eta Kale Nagusia lotzeko igogailua aurreikusi baino lehen eraikiko dute

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 6a, 09:27

"Dena ondo bidean", 2025. urtean egingo dituzte eraikuntza lanak, udal gobernu taldetik aurreratu dutenez.

Aurreikusia zuten baina uste baino lehen bideratuko dute azkenean; Etxealdia eta Kale Nagusiak izango duten lotune berriaz ari gara. Izan ere, igogailu bat eraikiko du Udalak auzoa eta herri erdiguneko pasabide nagusietako baten arteko mugikortasuna erraztu eta irisgarritasuna bermatzeko. Albiste honi atxikitako argazkian ageri den zonalde horretan eraikiko dute. 

Igogailu honen eraikitzea udal gobernu taldeak aurreko 2019-23 legealdian Etxealdiako bizilagunekin batera hasitako lankidetza prozesuaren baitan kokatu beharra dago. Izan ere, auzoak zuen irisgarritasun arazoei heltzea erabaki zuen elkarlanean. Prozesu haren emaitza izan zen osatu zuten irisgarritasun plana. Plan horren baitan berritu eta oinezkoak lehenesten zituen moduan konpondu zuten Kale Nagusitik auzorako sarbide nagusia den San Esteban kalea.

Udal gobernu taldetik iragan astean egindako osoko bilkuran berri eman zutenez, egun plan hau gauzatzeko bigarren fasean daude egun. Auzoaren behealdea txukuntzeko lanetan ari dira.

Gogoan izan, “auzoaren irisgarritasuna hobetzeko eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzeko hainbat bilera egin zituzten aurreko legealdian, eta orduan adostutakoak gauzatzen" hastea adostu zuten. Hala, iazko iraileko osoko bilkuran egindako kreditu aldaketarekin (300.000 eurokoa, 2023ko aurrekontuetan aurrez gordetako 75.000 euroei gehitzeko), auzoaren beheko zatiko aparkalekuen ingurua" berrantolatzea erabaki zuen Udalak. Auzotarrekin kontrastatzekoa zuten obren exekuzio proiektua idazten hasi zen aurten lanok gauzatzeko.

2025ean eraikuntza lanak
Etxealdiari lotutako egitasmo gehiago ere bazituen eskuartean Udalak; tartean zen, lerrootan mintzagai dugun igogailua, hau ere irisgarritasun planean aurreikusia zuten. Baina izatez, aurrerago gauzatzekoak ziren. Halere, duela astebeteko osoko bilkuran EHBilduren udal gobernu taldeko kideek aditzera eman zutenez, duela hilabete batzuk Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza deialdi batera aurkeztu zuten proiektua eta 370.000 euroko dirulaguntza jaso du. Horrek eragin du haien esanetan, proiektu honen eraikuntza aurreratzea. "Oso dirulaguntza garrantzitsua lortu dugu guretzat estrategikoa den proiektuarentzat". Trukean, "proiektua lizitatu eta exekutatu beharra" du Udalak, alegia aurreikusia zuena baino lehen gauzatu behar du.

Ondorioz, igogailua eraikitzeko lanotarako 850.000 euroko partida sortu du Udalak. 370.000 euroko dirulaguntza txertatuko du partida horretan; gainerakoa, erdia baino gehiago, diruzaintza gerakinetik jasotakoa izango da. Aldaketak egon daitezkeela jakinda, "dena ondo bidean", 2025. urtean eraiki dezakete Etxealdiako igogailua, lan hauek azarorako lizitatu ostean.

Erabakiok udalbatzaren aho bateko babesa jaso zuten maiatzaren 30eko osoko bilkuran.