#E9

EHBilduren solasaldiaren ondotik, posta bidez botoa emateko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 6a, 08:57

Igandeko hauteskunde egunari begira, posta bidez botoa emateko azken eguna da gaurkoa.

Iganderako, ekainaren 9rako, deituak dauden Europako parlamentua berritzeko hauteskundeei begirako azken txanpan sartuak gaude. Egun horri lotutako azken deialdien berri segidan. Hasteko, albiste honi atxikitako argazkia, asteazken arratsalde honetan, ekainaren 5ean, Sutegi atarian ateratakoa duzue. Izan ere, bertan, Usurbilgo EHBilduk deitutako solasaldia egin zuten, maiatzaren 24an hasi eta ostiral gauerdi honetan amaituko den kanpainaren baitan. Koalizioko nazioarteko taldeko kide Aimar Etxeberria gonbidatu zuten solasaldira.

Solasaldiaren biharamun hau, hilaren 6a, osteguna, da hain zuzen, posta bidez botoa ematea eskatua duzuenok modalitate horretan bozkatzeko duzuen azken eguna. Maiatzaren 30a baino lehen, posta bidez bozkatzea eskatua dutenek, horretarako beharrezko dokumentazioa jaso ahala botoa emateko azken eguna da gaurkoa; Correos bidez bideratu beharko da tramitazioa.

Egutegia
Honatx, ekainaren 9ko Europako hauteskundeei begira kontuan hartu beharreko data hauek:
-Maiatzak 24-ekainak 7: hauteskunde kanpaina.
-Ekainaren 6ra arte: posta bidez botoa emateko aukera.
-Ekainak 8: hausnarketa eguna.
-Ekainak 9: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.

Informazio gehiago, https://info.eleccioneseuropeas2024.es/eu/ atarian jaso dezakezue.