Osoko bilkura

Lanbide Eskolako eta Udarregi ikastolako obrek interes bereziko izendapena

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 6a, 09:05

Bi ikastetxeetan egingo dituzten obrek interes bereziko izendapena jaso dute eta, beraz, %50eko hobaria aplikatuko die Usurbilgo Udalak.

Zubietan kokaturiko Lanbide Eskolan zein Udarregi ikastolak Agerialdeko eraikinean egin asmo dituzten lanek interes berezikoak izendatzea erabaki zuen udalbatzak aho batez, maiatzaren 30ean egindako osoko bilkuran. Ondorioz, lan hauengatik ordaindu beharreko zergan %50eko hobaria aplikatuko die Usurbilgo Udalak. Inbertsio ezberdinak izan arren, irizpide bera aplikatzea hobetsi du udalbatzak, izan ere, "interes orokorreko" obratzat jo dituzte.

Lanbide Eskolaren kasuan, berriki egindako obrari aplikatuko diote aipatu hobaria. Hain zuzen, ikastetxe atzealdean formaziora begirako azpiestazio modukoa eraiki dute. Udarregiren kasuan, kalitatezko hezkuntza eskaintzen segitzeko bide horretan, uda partean egin asmo dituen obrentzako eskatu du hobari hau.

Ikastolan indarrean duten metodologia pedagogikora espazioak egokitzeko hainbat aldaketa egiten ari dira azken urteotan Udarregik Agerialden duen eraikinean. Iaz solairuetako batean egin zituzten birgaitze lanak. Aurten beste batean egin asmo dituzte. Espazioa Udarregik berak egokituko du, baina udal eraikina izanda, instalakuntzari, eraikinari lotutako lanak Udalak egingo ditu. Lanotara 70.000 euro bideratuko dituzte.