J.M. Torrealdai beka

"Euskal kultura azterketa gaur", beka deialdi berriaren gaia

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 6a, 16:12

Joan Mari Torrealdai beka deialdiaren bigarren edizioa abian da.

"Euskal kultura azterketa gaur", horixe izango da Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioko gaia, sustatzaileek, Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak iragan astean Zumarteko ganbaran eginiko agerraldian iragarri zutenez. Torrealdaik duela ia 50 urte, 1976an hasitako eta gerora Jakinek segida emandako liburugintzaren azterketa berrikusi eta berau arlo gehiagotara zabaltzea xede izango du, Udalak eta aipatu fundazioak lankidetzan sustaturiko deialdiak.

Liburuen bidez gizartea aztertzea xede zuen Joan Marik eginiko ikerlanak hainbat ondorio argigarri utzi dizkigula oroitu zuen Jakineko zuzendari Lorea Agirrek: esaterako, gure liburugintza berredizio gutxikoa zela, irakurle berriak irabazteko arazoak zeudela, kanpoko argitaletxeak zirela nagusi, argitalpenen %65a haur eta gazte literatura eta testu-liburuak direla edota transmisioak ez zuela behar bezala funtzionatzen. Torrealdaik baditu lanketa hauen ispilu diren bi argitalpen eta bere beste lanketa ildoekin lotua dagoela gogorarazi zuen Agirrek: euskararen zapalkuntzaren historiarekin edota gaurkoz gauzatu ezin izan den eta Torrealdaik amesten zuen liburutegi nazionalarekin.

"Etorkizunari so egiteko"
Torrealdaik izandako lan egiteko "ideia berbera berreskuratu nahi du aurtengo deialdiak eta gaur egunera aplikatu", Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez. Aurtengo beka deialdiarekin, "garaiko egoerak aztertu eta etorkizunerako bideak planteatu" nahi dira. Alkatearen esanetan, "kulturgintzak eta, orohar, euskal herrigintzak ezinbestekoa du hausnarketa hori etorkizunari so egiteko eta hain justu horri erreparatzen dio 2024ko beka deialdiak".