Joan Mari Torrealdai bekaren bigarren edizioa aurkeztearekin batera, iazko estreinakoan ondutako lana aurkezteko baliatu zuten egitasmo honen sustatzaileek (Jakin Fundazioak eta Usurbilgo Udalak) iragan astean Zumarteko ganbaran eginiko agerraldia.
Metrokoadroka Sormen Laborategiak garaturiko "Artxibo biluzia" izeneko proiektuaz ari gara. Askotariko formatuak uztartu ditu, izan ere, antzezlan, ikastaro eta dokumentu fisiko baten forma hartu du egitasmoak, egileek beraiek Zumarteko agerraldian azaldu zutenez. Dokumentuari dagokionean, izenari eta izanari gorazarre eginez, artxibo itxurakoa da. Barruan bost liburuxka ditu: Metrokoadrokakoek proiektuak osatzeko eginiko gogoetak, Maria Elorzaren dokumentala, Danele Sarriugarteren egunerokoa, proiektuarekin berri soilik gutun bidez jasotako informazioa oinarri hartuta Nagore Legarretak eginiko argazki bilduma, eta azkenik, urte hasieran Sutegin estreinaturiko antzezlanean publikoak eginiko ekarpenak jasotzen ditu. Izan ere, ikus-entzuleei galdetu zitzaien idatzi eta egileei helaraztea, ze istorio nahiko luketen historiara pasatzea. "Emanaldietako erantzunak biltzen ditu azken liburuxkak", azaldu zuen Zumarteko agerraldian, aipatu sormen laborategiko kide Idoia Beratarbidek. Lan hau koordinatu dutenak hain zuzen, Metrokoadrokako kideak izan dira.
Artxiboa utopia, artxiboa zauri
Lan kolektiboa izan da zalantza izpirik gabe. Dokumentalaren egile Maria Elorzak "neure lana artxibo biluziaren ideia oso subjektiboari irudiak jartzea izan da eta aldi berean, Torrealdairen figurarekin elkarrizketan aritzea". Bi elementu nabarmendu zituen, bere lanean islatuak daudenak: "Torrealdairentzat artxiboa bazela nolabaiteko utopia edo amets bat eta, bestalde, bere bizitzaren azken fasean artxiboa zauri bat bihurtu zela". Ikus-entzunezkoa Sarriugarteren poema batekin amaitzen da. "Artxibo biluzia" bildumaren parte da hain zuzen Danelek idatzitako egunerokoa. Proiektu honen "sormen prozesua jarraitu dudanez, hori partekatu nahi nuen. Sentsazio horiek transmititu nahi nituen". Horiek denak biltzeko aipatu moduan garatze prozesua barnetik ezagutu du Sarriugartek. "Zorte handia izan da niretzat", adierazi zuen Zumarteko ganbaran.
Kalitate handiko lanak
Proiektu hau aipatu moduan, Joan Mari Torrealdai bekaren estreinako ediziotik ondu da. "Euskara eta kultura gaurko eta biharko gizartean", horixe zen jorratu beharreko gaia. 13 lan aurkeztu ziren deialdi hartara, "zein baino zein kalitate handiko lanak", epaimahaikideek adierazitakoa gogora ekarriz Usurbilgo alkateak iragan asteko agerraldian oroitarazi zuenez. Metrokoadroka Sormen Laborategiak irabazi zuen beka deialdi hura, haien "Artxibo Biluzia" egitasmoak.
Askotariko formak
Beka deialdiaren sustatzaileek hasieratik zuten bertatik garatu zitezkeen proiektuak formatu klasikoetatik urruntzeko nahia. Helburu hau guztiz bete dutela adierazi zuen Solaberrietak. "Artxibo biluziak askotariko formak izan eta hartu ditu. Bada antzezlan bat, liburuxka bat, dokumental bat". Horrez gain, Torrealdaik "zertarako bati erantzuteko" ikertzen zuela gogorarazi zuen.
Horregatik, zioenez, "gaurko egunak badu hortik. Batetik, herriari eskaintzen ari gatzaizkiolako lehen beka deialdi honetatik osatu den ikerketa, gogoetak, errelatoak eta, bestetik, bigarren deialdiari ekitera goazelako". "Artxibo biluzia" lan honen 400 ale argitaratu ditu Udalak. Herriko liburu-dendetan eskuratu ahalko dituzue, edota baita 17 eurotan Berriako nahiz NOAUA! K.E.-ren bazkideek.