Usurbilgo Udaletik aditzera eman dutenez, "eliza bera, organoa, erlojua eta kanpandorrea ezagutzeko aukera emango dute, 650 Usurbil Bizik eskaintzen dituen bisita gidatuen bidez. Hitzarmenean, bisiten ezaugarriak eta bi aldeek hartutako konpromisoak zehaztu dituzte".
Gogoan izan, 650 Usurbil Bizi "identitatean, baloreetan, ondarean eta egitasmo eraldatzaileetan" oinarritutako turismo proiektuaren baitan irudikatu ziren hamalau lau-lerroetako bat hain zuzen, Ondarearen Usurbil da. Egitasmo hartan jaso bezala, Herriko ondarea zaindu, berreskuratu eta balioa ematea da udalaren xede nagusietako bat. Horren adibide dira Andatzan egokitutako bi ibilbideak; Errotarrien Bidea eta Oroimen Ibilbidea. Alor honetako eskaintza zabalduko dute aurrerantzean Salbatore elizan egingo diren bisita gidatuek. "Bisita horiek udalarentzat zein parrokiarentzat bideragarriak izan daitezen, hainbat alderdi adostu eta zehaztu dituzte hitzarmenean. Esaterako, urtean hamabi bisita izango dira, ordu eta erdikoak, eta hamabi lagunentzako lekua izango da".
Laster iragarriko dituzte bisitak
Hiru bisita mota eskainiko dituztela iragarri dute, "txandaka: batzuetan eliza eta 1907an Parisko Cavaillé-Coll lantegietan eraikitako organoa ikusteko aukera izango da; beste batzuetan, eliza, kanpandorrea eta Benito Yeregi Goldarazenak egin eta 1912az geroztik bertan den erlojua; eta, beste zenbaitetan, soilik eliza ezagutzekoa. Bisitetako gidaria udalak jarriko du, eta organo-jolea, berriz, elizak izendatuko du". Bisiten egutegia udalaren eta parrokiaren artean zehaztu dute, eta 650 Usurbil Biziren webgunean iragarriko dituzte gutxi barru.
Hitzarmen berri honen harira, "Udalak bere gain hartuko ditu bisiten ondorioz sortzen diren elektrizitate gastuak, baita elizako erlojuaren mantenu gastu batzuk ere, hitzarmenak iraun bitartean. Bisiten asegurua ere eginda du. Horrez gain, dagoeneko zenbait lan eginak ditu udalak, hitzarmenaren ondorioz: erlojutik kanpandorrera bitarteko eskailerak konpondu ditu, baita kanpandorrearen gunea garbitu ere". Halere, hitzarmen honen sinatzaileek ohartarazi dutenez, bisita hauetan ez da irisgarritasuna bermatuko eskilarak igo beharko dira eta.
"Transmisioan sakondu nahi dugu"
Lankidetza hitzarmen honen harira, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu duenez, “Usurbilgo ondarea denetarikoa eta aberatsa da. Historia, kultura, industria, natura... iraganak utzi dizkigun altxorrak ugariak dira. Proiektu honen bidez, batez ere, transmisioan sakondu nahi dugu”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak. Alkateak gaineratu duenez, “uste dut ez dagoela Usurbil osoan toki ederragorik, eta aukera hori herritarrei eta bisitariei ere emango diegu aurrerantzean”.
Usurbilgo parrokiako arduradun taldeko ordezkari gisa, apaiz Ibon Alberdi Urrestarazuk, azpimarratu du jakitun direla kudeatzen duten ondareaz eta bere garrantziaz. “Gizaldi luzez zaindu du Usurbilgo kristau elkarteak ondare hau: zaintza zaila eta garestia izan da”. Beti izan dute ondare hori jendearentzat irekita: “Orain arte ere, eskatzen zuenari irekitzen, erakusten eta esplikatzen zaio ondare guztia: zenbat talde gerturatu dira horrela!”. Tartean dira, elizan Donostiako Musika Hamabostaldiaren baitan eskainitako kontzertuak edota Usurbilgo Zumarte musika eskolarekin duten elkarlana. Orain, hitzarmen berri honekin, "gure esku dagoen ondare hau are gehiago zabaldu nahi dugu”.