#E9

Europako parlamentua berritzeko bozketa egunaren atarian

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 7a, 09:46

Igandean izango da Europako parlamentua berritzeko hauteskunde eguna. Lerrootan dituzue ekainaren 9ra begira kontuan hartu beharreko zenbait xehetasun.

Urtebetean izandako laugarren eta momentuz azkeneko hauteskunde egunaren atarian gara. Europako Parlamentua berritzeko bozketa eguna izango da igande hau, ekainaren 9a, ostiral gauerdi honetan kanpaina itxi ostean. Goizeko 9:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte irekiko dira ohi bezala hauteslekuak Udarregi ikastolan, haur eskolan, Aginagako eskolan, Santuenea auzo elkartearen egoitzan eta Zubietako Lanbide Eskolan Usurbil aldean bizi diren Zubietako bizilagunentzat (Donostia aldekoek Zubietako eskolara jo beharko dute). Norbera non dagoen erroldatua, horren arabera, hautesleku batera edo bestera joan ahalko du botoa ematera.

Egun horretan, bozkatu ezingo dutenak aurrez posta bidez parte hartzea galdegin dutenak izango dira. Izan ere, maiatzaren 30era arteko epea zegoen hauteskundeotan modu horretan hitza hartzeko. Eskaera egoki egin eta beharrezko dokumentazioa jasotakoek ekainaren 6ra arteko tartea izan dute Correos bidez eskaera hau bideratzeko.

33 hautagai-zerrenda
720 diputatuek osatuko dute Europako Parlamentua, aurreko legealdietan baino 15 ordezkari gehiago izango ditu. Haietatik 61 espainiar estatuari dagozkio. Hauteskunde barruti bakarra egongo da deialdi honetan, estatu mailakoa; hau da, boto eskubidea izango duten herritarrek hautagai-zerrenda berdinak aukeratu ahalko dituzte estatu osoan. Desberdintasunik egongo da halere; hautagai-zerrenda berak autonomia erkidegoetan zerrenda eta izen berezituekin aurkeztu ahal dira eta. Ordezkaritza hau berritzeko 39 izan ziren hauteskundeotara aurkezturiko hautagai-zerrendak, 33 izan dira Hauteskunde Batzorde Zentralak onetsi eta aldarrikatu dituenak. 

Haietatik, Usurbilgo Udalean eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten edo izan dutenen zerrendei erreparatuz gero, bada berezitasunik. Izan ere, aurreko deialdietan gertatu moduan, EHBildu eta EAJ alderdi gehiagorekin batera koalizio baten izenean aurkeztu dira. EAJ "Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioa"ren izenpean Coalición Canaria, Geroa Bai edota El Pi-Proposta per les Illes Balears-rekin. EHBildu "Orain Errepublikak" izenarekin, ERC, BNG eta Ara Més-ekin. Gainerakoan, PSOE, PP, Sumar eta Podemosek zerrenda bakarra aurkeztu dute estatu osorako.

Mahaikideak hautatuak
Maiatzaren 14an eginiko zozketan hautatu zituen Usurbilgo Udalak, ekainaren 9an irekiko diren hauteslekuetan lan egitea egokituko zaien herrikideak; 72 guztira, titularrak eta ordezkoak aintzakotzat hartuta. Haietatik azkenean 24 izango dira lan egitea egokituko zaienak.

Bozketa eguneko hitzorduak
Etziko deialdiak baditu hainbat berezitasun. Izan ere, lehen aipatu moduan, barruti bakarra izango du estatu espainiarrak. Bestetik, hauteskunde egun hau Euskal Herri osora hedatuko da, Europako estatu guztietan egiten ari dira egunotan. Horregatik, bozketa eguna izango duen azken herrialdeak hauteslekuak itxi arte ez dira hasiko argitaratzen hauteskundeon emaitzak. Antza, Italia izango da hauteslekuak ixten azkena igande gaueko 23:00etan. Beraz, ordu horretan hasiko dira argitaratzen behin-behineko lehen emaitzak. Xehetasunok kontuan hartuta, beraz, honatx igandeko Europako hauteskunde egunari lotutako hitzorduen berri:

Ekainak 9, igandea
8:00 Hauteslekuetan lan egitea egokitu zaienen bilkura guneok prestatzeko.
9:00 Hauteslekuen irekiera. Bozkatzen hasteko unea.
14:00 Eguneko lehen parte hartze datuen berri.
18:00 Eguneko bigarren parte hartze datuen berri.
20:00 Hauteslekuen itxiera. Botoen zenbaketa hasiera.
23:00 Behin-behineko lehen datuen berri.