Abisu horian gaur arratsaldetik igande goizera, prezipitazio handiagatik

Noaua Aldizkaria 2024ko eka. 8a, 09:12

Bart gertatu den moduan, ekaitz giroa izan dezakegu datozen orduotan. Abisu horian izango gara larunbat arratsaldetik igande goizera.

Prezipitazio handiagatik abisu horian izango gara larunbat arratsaldeko 18:00etan hasi eta igande goizeko 9:00ak arte. Hala jakinarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. "Ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertainak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak eta trumoitsuak izatea, bereziki hegoaldean eta egunaren azken orduetan kostaldearen ekialdean. Baliteke noizbehinka txingorra botatzea (zentimetro bat). Ez da baztertzen larunbateko azken orduetatik igande goizaldera arte Kantauri isurialdeko zenbait lekutan 40-50 l/m² baino gehiago pilatzea", Euskalmet-en arabera.

"Zaparra trumoitsuak"
Honenbestez, larunbat honetan, ekainaren 8an, "zerua hodeitsu egongo da eta arratsaldean oso hodeitsu geratuko da. Egunaren lehenengo partean zaparrada txikiak botako ditu han-hemenka. Egunaren bigarren partean zaparrada trumoitsuak eta ertainak botako ditu. Mendebal-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da; arratsaldean ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Igandean ere berdin segiko du. "Zerua oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, eta goizaldean, goizean goiz ugariagoak izango dira eta sarriago botako ditu. Egunaren azken orduetan atertu egingo du. Goizaldean eta goizean goiz baliteke trumoi-ekaitzak izatea. Ipar edo ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren azken orduetan haizeak indarra galduko du. Tenperatura nahikoa jaitsiko da".

Astelehenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Han-hemenka euri txikia egin dezake. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorren batekin. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian jaso daiteke.